Maskaren eskaera hazi egin da azken asteotan eta bereziki egunotan, horiek derrigorrezkoak izango diren susmoa zabaltzen hasi denean. "Eskaerak gora egin du eta horiek lortu nahia ere bai", adierazi dute Elkargotik.
Farmazietan, baina, maskara gutxi dabiltza jasotzen hornitzaileengandik, eta "oso garestiak" gainera, Elkargoko kideen esanetan, fabrikatzaileek finkatutako prezioak izanik. "Egoera zein den jakinik, Elkargoaren asmoa da ahalik eta gipuzkoar gehienen eskura jartzea maskarak. Horregatik egin dugu gomendio hau, eta Gipuzkoako botikarien erantzuna oso ona izan da", adierazi du Miguel Angel Gastelurrutia presidenteak.
Hornitzaile ezberdinen maskarak jasotzen hastekoak direla ere esan du Gastelurrutiak, baina ez dakite noiz. Eta gaineratu du herritarrendako ahalik eta merkeenak lortzeko ahaleginetan jarraituko dutela.