Pandemiaren eraginei aurre egiteko alternatibak topatzeko "gazte ekintzaileak mugitzera" deitu dituzte

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 8a, 16:59

Berrikuntza soziala sustatzen duten hainbat erakundek, besteak beste, Mondragon Team Academyk (LEINN graduarekin) Creating for Humanity izeneko plataforma irekia eratu dute. Horren bitartez gazteak mugiarazi gura dituzte koronabirusak eragindako osasun krisiari erantzun bila hasteko; horretarako, ideiak, irtenbideak edo start-upak proposatu beharko dituzte.

"Ekintzara bultzatzen duen deialdi irekia da Creating for Humanity, ekintzaile sozialei zuzendua. Gazteen mobilizazioa bultzatu nahi da koronabirusaren krisiari irtenbide eraginkorrak eta azkarrak bilatzeko", adierazi dute MTA-LEINNeko kideek.

MTA-LEINNekin batera hainbat enpresa eta erakunde elkartu dira ekimen horretan, besteak beste, Mondragon, Danone, Fundacion Telefonica, Ashoka, Bridge for Billions, Ship2B, La Bolsa Social, La Caixa Fundazioa eta IrsiCaixa. Eta helburua da pandemiaren efektuei aurre egiteko alternatiba berriak aurkitzea, talde lanean eta sarean oinarritutako irtenbide berritzaileekin.

Creating for Humanity plataformak gazte ekintzaileendako hiru deialdi mota batu ditu: Ideiak, Soluzioak eta Start-Up-ak. Eta leloa berbera da guztiendako: #YouthInCharge. "Gizarteak behar dituen konponbideei aurre egiteko gazteak talde gisa zuzentzeko garaia delako", adierazi dute antolatzaileek.

Ideiak, Soluzioak eta Start-Up-ak

Hiru modalitate batu dituzte Creating for Humanity izenaren baitan.

Ideiak, ekintzak burutzeko (#IdeasForHumanity

9 eta 18 urte bitarteko ekintzaileei zuzendua dago, eta norberaren inguruan sortutako erronkei aurre egiteko elkartutako ikasle taldeen, eskolen edo familien proposamenak jasoko ditu.

Talde honetan daude Ashoka eta Danone (Feeding the Change), Ashoka eta Fundacion Telefonica (STEAM Challenge and Curiosity Radical. Fuller Educational Challenge) eta Fundacion La Caixa Funda Educaixa eta IrsiCaixa (Health Lab-Coronavirus Community LAB) erakundeek sustatutako deiak.

Soluzioak (#SolutionsForHumanity)

Adinez nagusi diren ekintzaile sozialek hasitako proiektuetarako deialdia da, nahiz eta fase pilotuan egon.

Talde honetan aipatzekoa da MTA-LEINNeko ekintzaile sozialek sortutako Covida aplikazioa. Bakarrik bizi diren pertsonen beharrak eta erosketak egiten laguntzeko prest dauden boluntarioak uztartzen ditu aplikazio horrek. Hala, konfinamendu garaian behar dituzten elikagaiak, sendagaiak edo bestelako produktuak eskuratzen lagunduko diete.

Atal honetan aurkitzen dira honako erakundeen deialdiak: Bridge for Billions (The Leap) eta La Caixa Fundazioak EduCaixa eta IrsiCaixaren bidez Living Lab de Salud-ekin (Coronavirus Community LAB).

Start-Up-ak (#Start-upsForHumanity)

COVID-19ren aurkako jardunean beren lanaren ondorio positiboak hazteko eta biderkatzeko ahalmena duten start-up edo gizarte-enpresa txikientzako deialdiak dira.  Ship2B-ren (Tech4Health, Tech4Social eta DKV Impacta) bi deiak hemen aurkitzen dira.

Argibideak eskuragarri daude Creating for Humanity webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak