Ibai Zulaika (Gautena): "Ateratzea premia denean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 9a, 09:00

Egun latzak dira guztiontzat. Askatasuna kendu digute kolpe batez, eta hori gogorra da. Alarma egoerak guztion bizitzan izan duen eragina ukaezina da, baina eragin hau are eta handiagoa da autismoa duten pertsonengan eta beraien familiengan. 

Gure eguneroko bizitzan aldaketa sakonak egon dira eta bat-batean egoera berri batera moldatzera behartuak ikusi dugu gure burua. Errutinak pikutara joan dira. Hau onartzea bereziki zaila da autismoaren espektroko nahastea duen pertsona batentzat. Errutinak funtsezkoak dira beraien bizitzan eta zailtasunak izan ohi dituzte testuinguruko aldaketetara egokitzeko, nahiz eta txikiak izan.

Portaera arazoak ager daitezke

Birusaren aurka borrokatzeko ezarri diren neurriek ezusteko egoera bati zentzua ematera behartzen gaituzte, berau ulertzera eta horren arabera jokatzera. Egokitzapen azkarra egin behar izan dugu, hain zuzen ere, autismoa duten pertsona askorentzat konplexuena dena nahastearen ezaugarri den pentsamenduaren eta jokabidearen malgutasunik eza dela eta.

Testuinguru berri honen eskaerek estres eta antsietate maila handia jasatera eraman dezakete. Autorregulatzeko zailtasunak agertu daitezke, eta honekin, lotuta portaera arazoak sortu. Bere buruari edo ondoko bati min egiten bukatu dezakete. Nola ez, honek guztiak eragin zuzena du familia osoan.

Pertsona eta familia hauek egoera honi aurre egiteko dituzten zailtasun gehigarriak aintzat hartu ditu Osasun Ministerioak, eta autismoa duten pertsonei, beste batzuen artean, kalera ateratzeko baimena aitortu die.

Konfinamendu egoerak areagotuta portaera arazoak aurkezten dituzten horiek bakarrik irten daitezke etxetik, bakarrik edo laguntzaile batekin; betiere, kutsatzeko arriskua ekiditeko neurriak errespetatuz.

Kalera ateratzeko baimena

Nahiz eta araudian adierazita ez egon, kalera irteteko garaian Gautenatik desgaitasun txartela edota ziurtagiria gainean eramatea gomendatzen dugu. COVID-19arengatik sortutako osasun-krisiaren kudeaketarako interpretazio-irizpideak ezartzen dituen 2020ko martxoaren 19ko instrukzioaren kopia ere norberarekin eramatea komenigarria litzateke. Irizpidea argia da. Etxean geratu, ezinbestekoa baita krisialdia gainditzeko. Hala ere, neurri beraren aurrean batzuen kalteberatasun egoera nabarmena da eta salbuespen honen onarpenak berau aitortu besterik ez du egiten. Familientzako arnasgune bat da, garbi utzi behar baita kalera ateratzea ez dela apeta bat, behar bat baizik.

Elkar ulertzea eta errespetua

Badirudi krisia hasi zenetik pertsona asko epaile bihurtu direla. Balkoietako epaile. Kalean ikusten duten edozeini errieta egiten dieten horiek. Berdin du lanetik etxera itzultzen ari den mediku bat izan, supermerkatura doan langile bat edo autismoa duen pertsona bat eta bere laguntzailea izan. Nik ezin dut atera; beraz, zuk ere ez. Sinplea.

Gautenak elkar ulertzea eta errespetua eskatzen dio gizarteari, eta, noski, ez soilik alarma egoera honetan. Besteen errealitatea ezagutu gabe epaia ematea ez da bidezkoa. Alferrikako sufrimendu asko sortu dezakegu. Jokabide horiek dira salatu behar direnak, eta ezjakintasuna ez da aitzakia. Ezjakintasunaren aurrean errespetua, isiltasuna.

Kalera irteteko arrazoiak pribatuak dira, ez dute zertan agerikoak izan, eta, are gutxiago, besteen begiradak ekiditeko. Inork ez luke identifikagarriak eramatera behartua sentitu behar aitortuak izan zaizkion eskubideak askatasunez erabiltzeko. Bizi dugun ohiz kanpoko egoera hau pasa ondoren, gizarte bezala hausnarketa sakona egin beharko genuke.

2020ko martxoaren 14a baino lehen genuen bizitza eten egin da eta jarduteko modu berriak sortu behar izan ditugu. Sekulako erronka. Autismoa duten pertsonak eta beraien senideak, ordea, adituak dira lan honetan. Hau beste proba bat besterik ez da, bat gehiago, eta bikain egiten ari dira.

Ibai Zulaika – Gautenako komunikazio arduraduna

Puntua aldizkarian jasotako artikulua.

Argazkia: Isaac Tallack

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak