Herriz herriko txapelketa jokatzeko aukerarik bai?

Xabier Urtzelai 2020ko api. 9a, 18:00

Maiatzaren lehenengo egunean hasi behar zuten Gipuzkoako kluben artean dagoen txapelketa maitatuena. GOIENA Bergarako eta Oñatiko klubetako ordezkariekin izan da, eta zail ikusten dute txapelketa bere horretan jokatzea.

Aurreko asteotan, koronabirusak Debagoieneko kirol taldeen ligetan izan duen eragina jaso du GOIENAk, edo bertan behera geratu diren lasterketen egoera. Hala, pilotako denboraldian ere eragin zuzena izango du honek guztiak. "Pentsa, Debarroko txapelketa orain hastekoak ginen, eta, oraingoz, bere horretan utzi behar izan dugu. Aurten, gainera, Antzuolari tokatzen zitzaion txapelketa antolatzea, eta, hain justu, herriz herriko txapelketaren egun berean jokatu behar zituzten finalak, ekainaren 27an", dio konfinamendua betetzen dabilen Oñatiko taldeko ordezkari Josu Osak.

Aldaketekin izan beharko du

Hala, oraindik ez dago garbi aurtengo herriz herriko txapelketa jokatu ahal izango duten ala ez: "Ilusioz prestatzen dugun torneoa da, baina zail ikusten dut, hainbat motiborengatik. Hasteko, maiatzaren lehenengoa gainean dugulako eta egoera zein den ikusita pilotan jokatzea ez delako lehentasuna. Horrekin batera, pilotariek denbora behar dute ostera ere kirol jarduerara egokitzeko. Etxean badabiltza ariketak egiten, baina eskuak pilotaren kolpera ohitu behar dira ostera ere". Bergarako pilota taldeko ordezkari Julen Aranburu ere iritzi berekoa da: "Ez dakit uztailera atzeratuta edo azarora, baina torneoa maiatzean jokatzea ez dut posible ikusten".

Profesionalak, publiko barik

Badirudi hori izan daitekeela pilotari profesionalek izan dezaketen irtenbidea: "Baina herriz herriko moduko txapelketa batean ez du zentzurik publiko barik jokatzeak. Profesionalek kontratuak eta bestelakoak dituzte, ados, telebistaz emango dituzte partiduak. Baina ze zentzu du amateur mailako torneoak publiko barik jokatzeak? Hain zuzen, hor dago gure txapelketen grazia, herritarrak frontoietara joan ahal izatea. Penagarria izango litzateke, baina horrela jokatzeko hobe da aurten txapelketarik ez antolatzea". Hain zuzen, Bergaran oraindik Soraluce Txapelketako finalak dituzte jokatzeko: "Baina pilotariei ez diegu esango finala egun batetik bestera jokatzeko, prestatu beharra daukate".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak