Eroskik hitzarmenak egin ditu nekazaritzako ekoizle txikiei eta kooperatibei laguntzeko beren ekoizpen sailak saltzen ohiko salmenta kanalak galdu badituzte. Alde horretatik, lankidetza sistema bat garatu du lehen sektorearekin, haien soberakinak bere dendetan saltzeko. "Tokiko ekoizleekin jardutea da Eroskiren nortasun ikurretako bat. Hasieratik bertatik, gure gaitasuna eskaini dugu era proaktiboan laguntzeko sektoreari babes ekintzak sustatuta. Eroskin lankidetzan dihardugu haiekin eta instituzioekin babesa eman eta haien ekoizpenei irtenbideak bilatzeko ezohiko egoera honetan", esan du Eroskiren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.
Bildotsak saltseko konpromezua
Hitzarmen hauen arabera, EAEko abeltzainek aurten ekoitziko dituzten bildotsak saltzera konprometitzen da Eroski. Hala, produktu hori dagoeneko eskura dago hipermerkatuetan eta supermerkatuetan. Horretaz gainera, barazkiz hornitzen duten tokiko bi hornitzaile nagusiekin bilketa eta banaketa erraztu dezaten lankidetza hitzarmen bat egin du, haien lan egiteko modua dagoeneko ezagutzen duten ekoizle txikien soberakinak hartuta. Hala, lehentasuna emango dio sektoreari, sare komertzialaren bitartez haien soberakinak salduta. Datozen egunetan iritsiko dira lehenengo produktuak.