Hori dela eta, enpresa batzuek jardunari eutsi diote, eta beste batzuk geldi daude. Fagor Automationen, esaterako, zerbitzu minimoekin lanean ari dira, medikuntza eta elikagai sektoreei erantzuten dieten lanekin bakarrik. "Lantaldearen %10 ari da bakarrik lanean", azaldu du Aitor Irure presidenteak. "Astelehenetik aurrera lan gehiagorekin hasteko asmoa daukagu, nazioarteko eskariei erantzun ahal izateko. Printzipioz, behintzat, normal hasiko gara lanean arlo horretan".
Metagra, bestalde, jardueraren %10-15 artean ari da joan den eguenetik, Pello Txintxurreta zuzendariak adierazi duenez. "Azken operazioetan zentralizatutako lana egiten ari gara, bukatu eta esportatzeko prest dagoen materialarekin. Europara bai, baina, batez ere, Txinara ari gara bidaltzen, apurka martxan jartzen ari dira-eta han".
Coprecin oporrak aurreratu dituzte, eta apirilaren 13ra arte ez dute lanik egingo. "Martxo amaieran, erabaki genuen oporrak aurreratzea, lana jaisten hasi zelako, eskaera gutxiago genituelako, eta Italiako edota Alemaniako merkatu batzuk Pazko astean aktibatuko direla jakin genuelako, eta merkatu horiekin batera joateko, ahal den neurrian", azaldu du Kiureka Etxebarriak, salerosketen arduradunak.