Adinekoen egoitzak desinfektatzeko lanak areagotzea erabaki du Foru Aldundiak

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 7a, 18:55

Oñatiko San Martin egoitza desinfektatzen orain dela astebete.

Suhiltzaileek egiten dituzten adinekoen egoitzetako desinfekzio lanak indartzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta lau egunetik behin egingo dituzte hemendik aurrera.

Zazpi egunetik behin desinfektatu beharrean lau egunetik behin egitea erabaki du Aldundiak. Gobernu Kontseiluan hartutako erabakietako bat izan da, eta hala adierazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak ondoren, bideokonferentzia bidez.

Lanak gauez

Adineko egoitza bakoitzera bost edo sei laguneko taldeak joaten dira desinfektatze lanak egitera eta hiruzpalau ordu ematen dituzte horretan. Joan den astetik, gainera, gauez –21.00ak bueltan hasita– egiten dituzte lanik gehienak, egoiliarrak lotara erretiratutakoan. Gune komunak, korridoreak, sarrerak eta ateak garbitzen dituzte besteak beste, hipokloritoa oinarri duen soluzioa erabilita, eta fumigadoreekin eta eskuz egiten dute garbiketa. Logelak, ostera, enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu. Hala adierazi du Mendozak.

Donostiako suhiltzaileen eta DYAren lankidetza nabarmendu ditu foru bozeramaileak, eta esker ona adierazi die Gipuzkoako suhiltzaileei, "ezohikoa den jarduera honetarako erakusten ari diren prestatutasun eta eraginkortasunagatik".

Hildako berririk ez Debagoieneko egoitzetan

Gipuzkoako zaharren egoitzetan sei lagun berri hil dira azken 24 orduetan eta 30 positibo gehiago daude. Debagoieneko egoitzetan ez dago hildako berririk, eta zendu diren sei pertsonak Beasaingo Arangoitin, Eibarko Egogain egoitzan, Tolosako Iurreamendin (bi lagun) eta Ordiziako San Josen (bi lagun) bizi ziren. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak aditzera eman duenez, hamalau izaten jarraitzen dute kasu positiboren bat atzeman duten egoitzak; guztira 46 lagun hil dira eta 223 kasu positibo eman dira Gipuzkoako egoitza-sarean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak