Gipuzkoako zaharren egoitzetan zeuden hamabi lagun hil dira azken bi egunetan

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 6a, 19:02

Aldundiko ordezkariak hainbat gizarte eragileekin egindako bilera telematikoan.

Azken 48 orduetan hamabi lagun hil direla lurraldeko zaharren egoitzetan jakinarazi du Foru Aldundiak, eta 33k eman dutela positibo. Egoitza sare osoan 40 egoiliar hil dira guztira, 199k eman dute positibo, 20 daude ospitaleratuta eta 34 eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora.

Azken hildakoak izan dituzten egoitzak honako hauek izan dira: Tolosako Iurreamendi (2), Eibarko Egogain (1), Zarauzko Santa Ana (1), Zumaiako Otezuri (1),
Beasaingo Arangoiti (4) eta Ordiziako San Jose (3). 65 egoitzek osatzen duten saretik 14 dira positiboren bat antzeman dutenak.

Gizarte eragileekin bilera

Bestetik, bilera telematikoa izan dute Aldundiko ordezkariek hainbat gizarte eragilerekin gaur goizean. Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta 27 gizarte entitatek hartu dute parte, besteak beste, Aita Mennik, Atzegik, Caritasek, Gurutze Gorriak eta Emausek. 

Gizarte zerbitzuen esparruan ezarritako Txoke Planaren gainean hausnartu dute batetik. Eta ahulenak diren biztanleei zuzendutako arreta dispositiboen gainean jardun dute; horien artean honako hauek daude: bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta egokia emateko zentro espezializatuak irekitzea Hondarribian, Orion eta Zarautzen; desgaitasuna duten pertsonen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta indartzea; eta gizarte inklusiorako eta haurrei arreta emateko baliabideak eta programak indartzea. Bestetik, Txoke Plan horri entitateek egindako ekarpenak jaso dituzte Aldundiko ordezkariek.  

Diputatuak gogorarazi du, Aldundia, Matia Fundazioarekin elkarlanean, aholkularitza saioak ematen dabilela entitateei eta zentroei. Aste honetan, haurrak babestera bideratutako baliabide eta entitateei zuzendutako saioak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak