Iñigo Urkullu: "Hiru asteko konfinamendu eta sakrifizioaren ondoren, itxaropen izpi bat ikusten dugu"

Txomin Madina Milikua 2020ko api. 4a, 20:19

Lehendakariak doluminak eta itxaropena partekatu nahi izan ditu, eta herritarrei konstantzia eskatu die. EH Bilduko Maddalen Iriartek, bere aldetik, dekretu bidez Legebiltzarra gaitzea eskatu dio Urkulluri

Gaur goizean herritarrei zuzendutako mezua zabaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta bertan hiru bidali ditu: doluminak, itxaropena eta konstantzia.

Hala, birusaren ondorioz hil diren pertsona guztiak oroitu nahi izan ditu, eta hildakoen gertukoei doluminak eta elkartasuna adierazi die: "Ulertzen dut zein gogorra izan behar duen dolua egiteak senide eta hurbilekoen babesik gabe. Oinaze eta tristura horren aurrean, nire sentimendurik zintzoena helarazi nahi dizuet".

Urkulluk itxaropena ere igorri gura izan du: "Hiru asteko konfinamendu eta sakrifizioaren ondoren, lehen aldiz itxaropen izpi bat ikusten dugu. Lehen aldiz joera aldaketa positiboa sumatzen ari gara", azaldu du. Kutsatu berrien jaitsiera, ospitaleetako ohe-ahalmena eta alten bilakaera jarri ditu horren adibide eta gaineratu du hori gizarte guztia egiten ari den ahaleginari esker dela.

Pertsona asko nekatuta egon daitezkeela ulertu arren, orain ezin dela arreta jaitsi azpimarratu du lehendakariak: "Une honetan amore emateak egindako lan guztia galtzea ekarriko luke. Etxean jarraitu behar dugu". Herritarrei eskerrak emanaz amaitu du mezua lehendakariak.

EH Bilduren eskaria lehendakariari

EH Bilduko Maddalen Iriartek, bere aldetik, Urkulluren gobernuak eta EAJk erakutsitako jarrerak kezkatuta dituela azaldu du, baita egiten zaizkien proposamenak "mespretxatu" egiten dituztela ere: "Kolaborazioa eskatzen dute Madrilen, beraien iritzia errespetatua izatea, baina hemen beraiekin bat ez datorren inor ez dute entzuten, gehiengo parlamentariorik ez duten arren".

Iriartek gaineratu du Urkulluren gobernuak, gutxiengoan egon arren, gehiengo osoa izango balu bezala jokatzen duela. Gauzak horrela, Urkulluri eskatu dio dekretu bidez Legebiltzarra gaitzea: "Lehendakariak deitu zituen hauteskundeak, lehendakariak atzeratu zituen hauteskundeak dekretu bidez, orain lehendakariak gaitu dezake Legebiltzarra dekretu bidez. Borondate politikoaren kontua da gaur egun dugun anomalia demokratikoa konpontzea".

Legebiltzarra gaituta, denen artean koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko Euskal Plan bat egitea proposatzen du Iriartek, eta iragarri du horretarako oposizioko alderdiekin harremanetan jarriko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak