496 koronabirus kasu gehiago Hego Euskal Herrian; Debagoienean, zazpi

Txomin Madina Milikua 2020ko api. 4a, 14:11
Positiboen datu metatuak Debagoienean (Grafikoa: Tokikom)

Atzo iluntzeko 20:00ak arteko datuen arabera, 360 koronabirus kasu gehiago antzeman dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta 136 Nafarroan. Debagoienean, zazpi positibo gehiago izan dira: Arrasaten sei eta bat Bergaran. 1.283 test egin ziren atzo Erkidegoan, eta horietako %28k eman zuen positibo; azken 20 egunetako ehuneko baxuena.

360 positibo gehiagorekin, 8.187 dira guztira EAEn agertu diren koronabirus kasuak: 2.539 Araban, 4.224 Bizkaian eta 1424 Gipuzkoan. Horixe azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintzako zuzendariak Miguel Sanchezek atzo 20:00ak arteko datuen berri emateko egindako agerraldian. Hildakoak, aldiz, 33 gehiago izan dira eta denera 477 pertsonak galdu dute bizia Erkidegoan koronabirusaren ondorioz. Une honetan, 1.858 pertsona daude ospitalean COVID-19 gaitzagatik, eta 3.098ri eman zaie alta; atzo, 289ri.

1.286 pertsonari egin zioten koronabirusaren proba atzo, eta %28k eman du positiboa. Azken hogei egunetako kopuru baxuena da hori eta Sanchezek adierazi du datu horrek baieztatzen duela azken egunetan egon den joera aldaketa. Herritarren jarrera eskertu du, baina ez erlaxatzeko gaineratu.

Nafarroari dagokionez, 136 positibo gehiago zenbatu dituzte azken 24 ordutan, eta 2.972 dira kutsatutako herritarrak. Foru Erkidegoan 20 pertsona hil dira azken 24 ordutan; pandemia hasi zenetik, 171.

Debagoienean, zazpi

Debagoienaren kasuan, zazpi pertsona gehiagori antzeman diote koronabirusa: Arrasaten seiri, eta Bergaran bati. Gainerako herrietan ez da kutsatu gehiago agertu. 173 koronabirus kasu agertu dira orain arte Debagoienan: Arrasaten 91 kasu daude; Oñatin, 25; Aretxabaletan, 23; Bergaran, 22; Eskoriatzan 7; Antzuolan eta Aramaion, bina; eta Elgetan, bat.

Positiboan bilakaera egunez egun (Grafikoa: Tokikom)

Guztira hamasei pertsona daude Arrasateko ospitalean koronabirusaren ondorioz, eta azken 24 ordutan bi pertsonari eman diote alta.

Grafiko gehiago ikusi modu interaktiboan hemen

'Txatbot'-a martxan

Erkidegoko ospitaletan egoeraz galdetuta, ZIUak egonkortasun egoeran daudela azaldu du Miguel Sanchezek, eta gaineratu du mota horretako 60 ohe libre daudela. Jaurlaritzak eskaintza egin arren, EAEko ospitaletan une honetan beste erkidegoetako gaixorik ez dagoela ere azaldu du. Iragarri du, gainera, Eusko Jaurlaritzak 'txatbot' bat jarri duela martxan herritarren zalantzak argitzeko koronabirusari eskainitako webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak