Euskal Unibertsitate Sistemako errektoreek eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradun nagusi Cristina Uriartek bilera egin dute gaur goizean egungo egoera aztertzeko. Ez dute erabaki finkorik hartu ikasturte honetan klase presentzialetara itzultzearen inguruan eta datorren astean beste jarraipen bilera bat egitea adostu dute.
Bileran, Mondragon Unibertsitateak azaldu du "prest" dagoela pandemiari aurre egiteko hartzen diren neurrietatik etor litezkeen bi egoerei erantzuteko: online modalitatean jarraitzea da egoeretako bat; bestea, aurrez aurreko modalitatera itzultzea. Erabakia bata zein bestea izan, horren berri unean-unean emango duela adierazi du Mondragon Unibertsitateak. Gaineratu du ikasleen kolektiboari bermatzen diola prestakuntza konpromisoak beteko dituela eta programatutako jarduerari eutsiko diola.
"Balorazio ona"
Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza-jarduera eteteko aginduaren ondorioz, Mondragon Unibertsitatea online ari da egiten bere irakaskuntza-jarduera guztia eta lehen hiru asteen "balorazio ona" egiten du. Zentzu horretan, Mondragon Unibertsitateak dio Mendeberri 2025 hezkuntza proiektuarekin koherentzian, denbora daramala ebaluazio-sistema eta estrategia berriak garatzen, ikasleek bere garapen akademikoa modu presentzialean edo birtualean erakusteko aukera izan dezaten.