Gipuzkoako Foru Aldundiak egunero ematen dituen datuen arabera, hamasei izan dira azken orduetan lurraldeko adinekoen egoitzetan koronabirusaren proban positiboa eman duten egoiliarrak. Hildakoak, bestalde, zortzi izan dira: hiru Zarauzko Santa Anan; bi Ordiziako San Josen; eta bana Donostiako Berran, Hondarribiako Caser Residencial Betharramen eta Zumaiako Otezurin.
Orain arte 26 lagun hil dira guztirako Gipuzkoako 65 adinekoen egoitzetan, eta 143 egoiliarrek eman dute positiboa. Hamahiru egoitzatan agertu dira koronabirusarekin lotutako kasuak.
Aholkularitza saioak Aldundiaren eskutik
Bestalde, koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko Aldundiak martxan jarri duen Txoke Planaren barruan egiten dabiltzan aholkularitza saioen berri ere eman du Mendozak. Saioak egoitza zentroei eta bizikidetza unitate txikiei daude zuzenduta, eta COVID-19 gaitzaren aurrean hartu beharreko prebentzio, osasun eta segurtasun neurrien arloko ezagutza indartzea dute helburu. "Saioek balio dute, batez ere, zalantzak argitzeko eta sareko gainerako eragileekin batera hausnarketak partekatzeko", azaldu du foru bozeramaileak.
Orain arte, hiru prestakuntza saio egin dira modu telematikoan Matia Fundazioko erizain profesionalen eskutik. eta laugarrena datorren astelehenean izango da. Bertan, haurren babes esparruko eragileei zuzendutako jardunbide profesional egokien eta bizikidetzako jardunbide egokien inguruko lanketa egingo da.