Bertan behera utzi ditu udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak, koronabirusa dela eta, Ikastolen Elkarteak gaur goizeko prentsaurreko telematiko baten bitartez jakinarazi duenez. "Kilometroen eredu berriari jarraiki aste hauetarako antolatuta genituen Milimetroak jaiak bertan behera utzi behar izan genituen iragarritako datetan. Modu berean, ezin izango ditugu udaberriko jaiak ere ospatu iragarritako datetan. Alegia, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian ospatuko", azaldu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Erabakia "saminez" hartu behar izan dutela azpimarratu du, "baina ez zegoela beste irtenbiderik". Hala ere, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileekin batera, aztertzen ari dira Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak beste data batzuetara eramatea. "Konplikatua da, udazkena bitartera baikoaz, eta orduan ere beste bi jai baitauzkagu ikastolok. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu", gaineratu du Tellituk.
Esker mezuak guztientzat
"Ezin ditugu ahaztu, hiru jai hauek udaberrian ospatu zitezen lanean buru belarri aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesleak. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udaberriko jai hauek beste data batzuetara, eta, akaso, beste formatu batzuetara eramaten ditugunean", azpimarratu dute.
Irailean, "bai ala bai"
Herri Urrats ez da maiatzean egingo, baina irailean "bai ala bai" egingo dela azaldu du Peio Jorajuria Seaskako presidenteak. "Herri Urratsek proiektu berriak laguntzen baititu, baina bereziki jadanik eginak ditugun zorrak estaltzen laguntzen baikaitu. Arbona-Ahetze, Angelu, Baiona, Itsasu, Kanbo, Uztaritze, Senpere, Basusarri, Donibane Lohizune, Bokale, Biriatu, Baigorri, Aloze, Hiriburu, Lekorne eta Beskoitzeko alokairuak ordaintzen ditu. Sohüta, Urruña, Angelu, Bidarte eta Arberoako maileguak ordaintzen laguntzen digu. Xalbador, Manex Erdozaintzi Etxart, Piarres Larzabal, Estitxu Robles Arangiz eta Bernat Etxepareko mailegu eta lanak estaltzen laguntzen digu. Gibelatuko dugu, baina segur izan ahaleginak eta bi eginen ditugula ahal bezain fite antolatzeko. Ez baita hautu bat, beharra baizik", zehaztu du.