Beste hemezortzi positibo baieztatu dituzte Debagoienean; lehena Elgetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 2a, 14:30
Positiboen datu metatuak Debagoienean (Grafikoak: Tokikom)

157 dira dagoeneko Debagoienean baieztatu diren kasuak. Jakitera eman diren azken hemezortzi kasuei dagokienez, bederatzi Arrasaten atzeman dituzte, lau Oñatin, bina Aretxabaletan eta Bergaran, eta bat Elgetan; herrian baieztatzen den lehenengo positiboa da. EAEn 479 kasu berri egon dira azken orduetan, horietatik 300 Bizkaian, 97 Araban eta 82 Gipuzkoan.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu COVID-19ren azken datuak. Kutsatuen zifra 7.317ra igo da, azken orduetako 479 kasuak gehitu ostean. Gainera, 1.906 gaixo daude ospitalean; 17 Arrasateko ospitalean.

Araban, guztira 2.347 kasu atzeman dituzte orain artean, horietatik 341 daude ospitalean. Bizkaian 3.682ra igo da zifra totala eta 1.201 dira ospitalean dauden kutsatuak. Gipuzkoan, guztira, 1.288 koronabirus kasu daude eta 364k jasotzen dute arreta ospitalean.

Sailburuak esan du dagoeneko birusa detektatzeko 18.220 proba egin dituztela, 1.399 atzo. Hori kontuan izanik honakoa azpimarratu du: "Zenbat eta proba gehiago egin, orduan eta positibo gehiago atzematen ditugu, baina hori da gure helburua". Gainera nabarmendu du, atzo egindako testetan 10etik 3k eman zutela positibo, eta aurreko astean 10etik 6 zirela.

Hildakoak gora, baita sendatutakoak ere

43 pertsona hil dira azken orduetan EAEn. Zifra altua dela esan du Murgak eta onartu du "ziurrenik" hildakoen kopuruak gora egiten jarraituko duela. Osasun krisia hasi zenetik, 412 lagun hil dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Hala ere, kutsatuen joera begiratuta "egonkortasun" fasean dagoela errepikatu du gaur ere. Bestalde, osatutakoak edo alta emandakoak ere gero eta gehiago direla esan du. Atzo 265 alta eman zituzten EAEko ospitaletan, eta beraz, guztira 2.490 dira sendatutakoak dagoeneko.

Datuak herriz herri

Grafiko gehiago ikusi hemen.

Herriak Positiboak guztira
Arrasate 78
Oñati 24
Aretxabaleta 23
Bergara 20
Eskoriatza 7
Antzuola 2
Aramaio 2
Elgeta 1

EAEn kutsatutakoak adin tarteka

Adina Positiboak guztira
0-9 19
10-19 45
20-29 326
30-39 665
40-49 1089
50-59 1396
60-69 1273
70-79 1161
80-89 942
90 urte edo gehiago 401

Osakidetzako informazio buletina osorik ikus dezakezu hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak