Maskarak desinfektatzeko makina erosiko du Aldundiak adinekoen egoitzendako eta Arrasaten izango du kokalekua

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 1a, 16:07
Foru Aldundiko ordezkariak egoitzetakoekin telematika bileran.

Gipuzkoako adinekoen egoitza sareko kideekin bilera egin dute Foru Aldundiko ordezkariek gaur, apirilak 1, eta bi neurri berri iragarri dituzte: egoitzetako langileentzako arreta psikologikorako zerbitzua eta osasun maskarak desinfektatu eta berrerabili ahal izateko makina baten erosketa.

Hogei bat lagunek hartu dute parte Markel Olano diputatu nagusiak gidatu duen bilera telematikoan, eta Gizarte Politiketako nahiz Ingurumeneko foru diputatuak, Maite Peña eta Jose Inazio Asensio ere izan dira; baita Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko kideak ere.

Bi helburu nagusi izan ditu topaketa horrek Aldundiko ordezkariek adierazi dutenez. Batetik, koronabirusak gizarte zerbitzuetan izandako eraginari aurre egiteko Txoke Planean jasotako neurrien gaineko iritziak eta ekarpenak jasotzea; eta bestetik, egoitzetan dituzten beharrak eta eskaera garrantzitsuenak modu bateratuan aztertzea.

Arreta psikologikoa langileendako

Sareko ordezkarien iritziak jaso ostean, Maite Peñak bi neurriren berri eman die. Batetik esan die egoitzetako langileei arreta psikologikoa eskainiko dien zerbitzua abiaraziko dutela. Dagoeneko egoiliarren senitartekoei eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileei eskaintzen dieten laguntza psikosozialaz gain iragarritako zerbitzu berri hori ere Telezaintza telefonoak eskaintzen dituen zerrendara gehituko dute.

Eta bestetik, kasu positiboak artatzeko erabiltzen diren FFP2 maskaren desinfekziorako eta esterilizaziorako makina erosi du Foru Aldundiak, material hori berrerabili ahal izateko gero; makina hori Arrasaten egongo da eta zentro guztiek erabiliko dute. "Teknikariek Gipuzkoako zentro guztietan poltsa bereziak banatuko dituzte, berrerabili daitezkeen maskarak bertan utziko dituzte egoitzetako langileek eta, ondoren, zorro horiek guztiak batu eta esterilizazio prozesura bideratuko dituzte. Gisa horretan, segurtasun osoz, gehienez hiru aldiz berrerabili ahalko da osasun material hori", jakinarazi du Peñak.

Bilera bukatzeko egoitzetako langileak eta arduradunak egiten dabiltzan "lan eskerga" aitortu eta eskertu gura izan du Peñak, eta gogoan izan dituzte Gipuzkoako egoitzetan hildako guztiak, baita gaixorik daudenak eta egoiliarren senitartekoak ere.

Gaur beste hiru hildako eta 17 positibo berri

Gipuzkoako egoitzen egoera eguneratu du Aldundiak eta gaur, apirilak 1, beste hiru hildako izan direla adierazi du; Tolosako Iurreamendi, Zumaiako
Otezuri eta Eibarko San Andres egoitzetan. Gainera, 17 egoiliarrek eman dute positibo. Hortaz, egoitza-sare osoan guztira 121 pertsonek eman dute positibo, bost ospitaleratuta daude eta 27 eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak