Zortzi positibo berri Debagoienean eta 518 EAEn, "testak bikoiztu" ostean

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 1a, 13:42
Debagoieneko datu metatuak. (Grafikoa: Goiena)

Atzoko beherakada nabarmenaren ostean, gaur berriro gora egin dute kasu positiboek EAEn. Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak proba kopurua bikoiztu izanari egotzi dio igoera. Hala, Debagoienean azken orduetan zortzi kasu atzeman dituzte, hiru Arrasaten, bi Aretxabaletan eta bana Bergaran, Oñatin eta Aramaion. Herriz herriko datuak ematen hasi zirenetik, baieztatutako kasu bakarrarekin mantentzen zen Aramaio gaur arte.

EAEn 518 kasu berri atzeman dituzte eta dagoeneko 6.838 dira guztira; gainera horietatik 1.908 ospitalean daude.

Lurraldez lurraldeko datuei dagokienez, Bizkaian guztira 3.382 kasu detektatu dituzte orain artean, horietatik 280 positibo berriak dira eta 1.179 gaixo daude ospitalean. Araban berriz, 2.250 pertsona daude birusarekin, horietatik 145 dira azken orduetako kasuak, eta 369 ospitalean daude. Azkenik, Gipuzkoan 93 positibo berri atzeman dituzte eta kutsatutako pertsonak guztira 1.206 dira; horietako 360 daude ospitalean. Debagoienean, denera, 139 dira orain arte identifikatutako kasu positiboak.

Bestalde, Arrasateko ospitalean 20 pertsona daude ingresatuta eta atzo bederatzi alta eman zituzten. Guztira 2.165 alta eman dituzte EAEko ospitaletan, 311 atzoko egunean zehar.

Koronabirusaren krisia hasi zenetik egindako detekzio-proba kopurua nabarmendu nahi izan du Sanchezek prentsa agerraldian; "17.000tik gora". 1.582 test egin zituzten atzo Osakidetzako datuen arabera, aurreko egunean 779 izan ziren, eta Sanchezen hitzetan, horrek eragin du positiboen igoera. Kutsatutako pertsonen ehunekoa "gero eta baxuagoa" dela azpimarratu du: "Proba egindako 10 pertsonatik zazpik negatiboa eman dute". Bestalde, test gehienak kolektibo zaurgarriei egiten dihardutela ere argitu du, eta horien artean, bereziki, osasun arloko langileak daudela. Horrez gainera, ospitalizazioen kopuruak ere behera egin dutela esan du.

Hildako asko egon dira azken orduetan, 44 guztira, "orain arteko altuena" Miguel Sanchezek esan duenez. Honenbestez 369 dira EAEn koronabirusaren eraginez hil direnak. Sanchezek azaldutakoaren arabera, atzo hildakoen kopuru altua aurreko bi asteetan okertutako sintomen ondorioa da: "Kontuan izan sintomen agerpena bi astera arte luza daitekeela, eta, sintomek orduan egin dezaketela okerrera".

"Gaixotasuna egonkortzen ari da"

Azken orduetan gorakada bat egon bada ere, atzo Nekane Murga Osasun sailburuak iragarritako "joera aldaketa" dagoela berretsi du Sanchezek gaixotasuna "egonkortzen" ari dela azpimarratuz. Hala ere, datuen balorazioak egiterakoan "zuhurtziaz" jokatu behar dela eta datozen egunetan "zerra-hortzak" egongo direla esan du, hau da, egun batzuetan gorakada egongo dela positibo berrietan.

Datuak herriz herri

Herriak Positiboak
Arrasate 69
Aretxabaleta 21
Oñati 20
Bergara 18
Eskoriatza 7
Antzuola 2
Aramaio 2

EAEn kutsatutakoak adin tarteka

Adina Positiboak
0-9 19
10-19 42
20-29 310
30-39 631
40-49 1033
50-59 1316
60-69 1196
70-79 1093
80-89 854
90 urte edo gehiago 344

Osakidetzako informazio buletina osorik ikus dezakezu hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak