COVID-19an positibo emandako bigarren egoiliarra hil da Iturbide egoitzan

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 31a, 17:57

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan hiru egoiliar hil direla azken orduetan jakinarazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak, horietako bat Arrasateko Iturbide egoitzan. Hain zuzen hemen zendu den bigarrena da gaurkoa; lehenengoa, 87 urteko egoiliarra zapatuan, martxoaren 28an, hil zen.

Gaur hil diren beste bi egoiliarrak Tolosako Iurramendi egoitzan eta Zarauzko Santa Anan zeuden. Gainera, beste hamabi lagunek eman dute Covid-19an positibo. Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzetatik hamaika dira positiboren bat duten zentroak. Era berean, guztira, hamaika dira hildako pertsonak, 107 positibo eman dutenak, 20 Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman direnak eta zazpi ospitaleratuak. Arrasateko Iturbide egoitzan zendu den bigarrena da gaurkoa; 87 urteko egoiliarra zapatuan, martxoaren 28an, hil zen.

Mendozak adierazi du ahalegin handia egiten dabiltzala Gipuzkoako egoitzetan "prebentzioan sakontzeko, eta horen transmisioa gelditzeko", eta egoitzetako langileak eskertu gura izan ditu: "Egoera honen zailtasunaz oso kontziente gara eta horregatik, beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu langileei egoitzetan egiten ari diren lan guztiagatik. Era berean, familiei ere gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, hain gogorrak diren une hauetan, euren lankidetza eta ulermenagatik".

Txoke Plana indartzea

Joan den astean Aldundiak aurkeztutako Txoke Plana indartzeko beste 791.000 euroko partida bat bideratzea onartu dutela gaur adierazi du Mendozak. Horren helburua da arreta psikosozialaren indartzea; babeserako materialaren erosketa, garbiketa eta desinfekzio trinkoak indartzea, eta horiek egiteko produktuak erostea; baita Aldundiaren eta Gureak-en artean bultzatutako arropa garbiketa eta sukalde zerbitzuak abiaraztea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak