Biserak egiten dabiltza Arizmendi ikastolako kideak

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 31a, 15:06

Maker komunitateak egindako deiari erantzun diote Arizmendi ikastolako kideek eta 3D inprimagailuekin hogei bisera egin ditu Oinarrizko Lanbide Heziketako langile den Miquel Beneitek. Bisera gehiago egiten jarraitzea da haren asmoa "dagoen beharra ikusita". Bestetik, osasun materiala dohaintzan ere eman die Arizmendik hainbat erakunderi.

Biserak egiteko PLA polimeroa erabiltzen du, artoaren almidoitik datorren termoplastikoa; material hori biodegradagarria da baldintza jakin batzuetan. Eta behin egindakoan bilketa antolatzen da Telegram aplikazioaren bitartez. Hemen biserak egiten.

Joan den egubakoitzean DYAko kide bat joan zen biserak jasotzera haren etxera, eta horiek, dagoeneko iritsi dira Debagoieneko ospitalera. Handik esker mezua ere helarazi diete ikastolako kideei: "Debagoieneko ospitalearen partetik Arizmendiri eskerrak eman nahi nizkioke egin duzuen lanagatik. Gaur egun hainbeste falta
zaizkigun pantailak iritsi zaizkigu. Eskerrik asko bihotzez".

Osasun materiala dohaintzan

Bestetik, Arizmendiko Lanbide Heziketako Osasun Zikloko kideek osasun-materiala eman diete dohaintzan honako erakundeei: Debagoieneko ospitalari eta Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleei; Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako nagusien egoitzei; Aretxabaletan dagoen anbulantzia-baseari; eta ikastolari berari. Banatutako materiala honako hau izan da: 41 maskara zurrun; 26 kirurgiako maskara pantailekin; 50 paperezko maskara; 65 kirurgiako mantal; 400 kirurgiako txano; 100 kirurgiako galtza; eta 280 mantal.

Materialaren banaketa egin dute Aretxabaletan dagoen anbulantzia-basekoek. Osasun Ziklokoek adierazi dute "oso gustura hartu dutela materiala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak