Azken orduetan soilik bi kasu berri egon dira Debagoienean

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 31a, 13:38
Debagoieneko datu metatuak. (Irudia: Goiena)

EAEn kutsatu berrien kopuruak beheraka jarraitu du gaur ere, hala 263 kasu berri baieztatu dituzte, horietatik 165 Bizkaian, 56 Araban eta 42 Gipuzkoan. Nekane Murga Osasun sailburua "itxaropentsu" agertu da datuen balorazioa egiterakoan. Debagoienean, aurreko egunetan ez bezala, bakarrik bi positibo baieztatu dituzte: bat Aretxabaletan eta bat Oñatin.

"Hobekuntza dagoela baieztatu dezakegu"

Osasun sailburuak argitu nahi izan du datuak egunez egun begiratuz balitekeela egun batzuetan igoerak egotea, baina "joeran dagoen aldaketa" nabarmendu nahi izan du. Hala ere, hildakoen kopurua "handia" dela gogoratu du sailburuak, eta esan du orain arteko neurriei eusten jarraitu behar dela, erlaxatu gabe. 28 pertsona hil dira azken orduetan, eta dagoeneko 325 dira guztira EAEn.

Osakidetzak martxoaren 30eko 20:00ak artean baieztatutako kasuak, denera, 6.320 dira, eta horietatik 2.011 ospitalizatuta daude. Debagoienean 131 dira orain artean zenbatu dituzten gaixoak. Bestalde, Arrasateko ospitalean 27 pertsona daude ingresatuta eta hiru alta egon dira azken orduetan. EAEn, koronabirusaren krisia hasi zenetik, osatutako eta alta emandako pertsonen kopurua 1.796 da.

Datuak herriz herri

 

Herriak Positiboak
Arrasate 66
Aretxabaleta 19
Oñati 19
Bergara 17
Eskoriatza 7
Antzuola 2
Aramaio 1

EAEn kutsatutakoak adin tarteka

Adina Positiboak
0-9 19
10-19 41
20-29 288
30-39 591
40-49 950
50-59 1208
60-69 1103
70-79 1024
80-89 786
90 urte edo gehiago 310

Osakidetzako informazio buletina osorik ikus dezakezu hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak