Momentuz ez dago urpekaritza-maskara gehiagoren beharrik

Maialen Regueiro 2020ko mar. 30a, 14:13

Ibai-artek jasotako 52 urpekaritza-maskarak

Ospitaletako langileek eskatuta, asteburuan herritarren urpekaritza-maskarak jasotzeko ekimena jarri da abian. Ibai-artek, esate baterako 52 maskara jaso ditu asteburuan, baina Ertzaintzatik jakinarazi dute, momentuz ez dagoela urpekaritza-maskara gehiagoren beharrik. Izan ere, herritarrek helarazitakoekin arnasgailu gisa erabili ahal diren aztertzen dihardute.

Ibai-arteren ekimena

Ibai-arteren ekimenez, atzo, domeka, Arrasateko InterSport dendan 52 urpekaritza-maskara jaso zituzten. Izan ere, Arrasateko merkatarien elkarteak ospitaletako langileen eskaerari erantzun nahi izan dio, eta beraien asmoa gainera, maskara gehiago jasotzen jarraitzea litzateke, baina elkartetik jakinarazi dute, momentuz ez dituztela gehiago jasoko ospitaletatik horrela eskatu dietelako, nahiz eta herritarrek erakutsi duten elkartasuna eskertu nahi izan duten.

Urpekaritza-maskaren zerrenda

Asteburuan, herritar ugari jarri dira Ertzaintzarekin harremanetan beraien urpekaritza-maskarak uzteko duten interesa erakutsiz. Gauzak horrela, Ertzaintza zerrenda bat osatzen hasi da herritarren datuekin eta ospitaletatik maskaren beharra dagoela jakinaraziz gero, zerrenda horretan daudenekin jarriko lirateke harremanetan, maskarak lortzeko. Aurrerantzean baina, Arrasaten esate baterako, Udaltzaingoak osatuko du aipatutako zerrenda eta Bergaran berriz, BAZera deitu beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak