Ezinbestekoak ez diren lan jardueretako langileak etxean geratzeko agindu du Sanchezek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mar. 28a, 19:13

Espainiako presidente Pedro Sanchez, gaur arratsaldean egindako presazko agerraldian.

Bihar, martxoak 29, egingo dute ministroen ezohiko batzarra eta bertan "salbuespeneko neurria" onartuko dutela iragarri du Espainiako presidente Pedro Sanchezek gaur arratsaldean presaz egindako agerraldian. Hala, astelehenetik hasita ezinbestekoak ez diren lan jardueretako langileak etxean geratzeko agindu du. Helburua, azaldu duenez, herritarren mugikortasuna ahalik eta gehien murriztea da, "asteburuetako mailara" hel dadin.

Sanchezek iragarri du "ezinbestekoak ez diren lanetan" aritzen diren langileak etxean geratu beharko direla martxoaren 30etik apirilaren 9ra. "Ordainpeko baimen berreskuragarria" ematea erabaki du Madrilgo Gobernuak; zortzi egunez luzatuko da, Aste Santura arte, eta langileek berreskuratu beharko dituzte orduak. Sanchezek azaldu du "erabateko itxierari" alternatiba bat izango dela, langileak etxean geratuko diren bitartean soldata jasoko dutelako. Hori bai, langile horiek gero ordu guztiak berreskuratu beharko dituzte.

"Oso beharrezkoa" den neurria "ekonomiaren erabateko geldialdia" saihesteko

Hala azaldu du neurria Sanchezek: "Oso beharrezkoa zen neurria da ekonomikoaren erabateko geldialdia saihesteko. Adituek esan digute pandemia geldiarazten lagunduko duen neurria dela eta uste dugu gizartea prest dagoela neurri hori onartu eta gauzatzeko".

Sanchezek zehaztu duenez, martxoaren 29ko ministroen ezohiko batzarrean emango dira ezinbesteko jarduera horien berri. Hala ere, aurreratu du funtsezko jarduera horien artean kazetaritza dagoela: "Hedabideek zerbitzu esentziala eskaintzen dute, sekulako lan garrantzitsua ari dira egiten krisialdi honetan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak