Osasuna, lanpostuak, eta lan baldintzak jomugan jarrita mobilizatzeko dei egin dute sindikatuek

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 26a, 17:30

Haserre eguna deitu dute martxoaren 27rako, egubakoitza, sindikatuek, ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta HIRUk. "Osasuna, lanpostuak, eta lan baldintzak bermatzea" eskatuz, 12:00etan, bost minutu hartuko dituzte, burrunba bidez, haserre hori adierazteko.

Mobilizazioekin salatu gura dute sindikatuek, osasuna, lanpostuak eta lan baldintzak arriskuan jarri dituela koronabirusak ekarri duen egoera honek.

Osasunari dagokionez, oinarrizko zerbitzuetan lanean diharduten langileek "osasuna bermatzen duten neurri prebentiborik gabe" ari direla lanean diote batetik; eta, bestetik, oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak "lanera joatera behartuta" daudela.

Era berean, lanpostuak arriskuan ikusten dituzte: "Dagoeneko hasi dira behin-behinekoak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen. Enplegua aldi baterako erregulatzeko milaka espediente tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe". Eta "negoziaziorik gabe egindako aldi baterako erregulazio" horien erruz lan baldintzak ere arriskuan daudela gaineratu dute.

Hori horrela, erantzukizunak eskatu gura dizkiete Eusko Jaurlaritzari, Nafar Gobernuari, Confebaski eta CENi. 

Aldi baterako erregulazioak

Debagoienean enpresa asko direla enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak tramitatu dituztela adierazi dute ELAtik. Hona hemen horietako batzuk: Hotel Alto Deba (Hotel Mondragon) , Lakor/Ibili, Larrañaga optikak, Hijos de Juan de Garay, Gureak, Metagra, Txomin Zubeldia, Jon autoak, Gelma, Gehiber, Ekide, Amets... Eta negoziaziotan dabiltza beste hainbat, Polmetasa eta Lema, besteak beste. 

"Oraingoz gehiago dira kontsultak: zer den aldi baterako erregulazioa, zein epe dauden... Baina enpresa handiak geratu ahala txikietan, hornitzaile diren horietan ere, eragina izango du", adierazi du ELAko Amagoia Lasagabasterrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak