Autobus zerbitzua oraindik gehiago murriztu dute

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 25a, 15:31

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Lurraldebusek ematen duen autobus zerbitzuan  % 54ko murrizketak izango direla gaurtik, martxoak 25. Gaineratu dute "lanerako mugikortasuna eta oinarrizko zerbitzuetara iritsi ahal izatea" bermatuko dituztela.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Osasun Larrialdiko Adierazpenaren eta Garraio Ministerioak emandako agindu berriaren ondoren eta Euskadiko Garraio Agintaritzan adostutako neurriei jarraituta neurri berriak ezartzea erabaki du Aldundiak. 

Batez besteko murrizketa % 54koa izango dela gutxi gorabehera iragarri dute. Hala ere, bidaiarien artean ahalik eta tarterik handiena bermatzeko, bete egiten diren hainbat linea indartu egingo dituzte. Ospitaleetarako zerbitzu eskaintza % 100 mantenduko dela adierazi dute, baita zapatu eta jai egunetan ere; aste egunetako eskaintza berbera eskainiko da.

Aurretik beste hainbat murrizketa zituen eginak Lurraldebusek alarma egoera ezarri zenetik: lehenengo, gaueko zerbitzuak kendu zituen; eta gero, hilaren 16an, % 45,87 murrizketa etorri zen, beti ere "lan ordutegiarekin bat datorren ordutegia bermatuz".

Aldaketa horien gaineko edozein zalantza argitzeko, Lurraldebusen bezeroarentzako arreta zerbitzuarekin harremanetan jartzeko adierazi dute: 900 900 340 eta www.lurraldebus.eus.

Edukiera heren batera murriztuta

Autobuserako sartu-irtenak atzeko ateetatik egin behar dira alarma egoera ezarri zenetik; eta ezin da eskudirutan ordaindu. Edukierari dagokionez, heren batera mugatuta du. Lekuak, bai eserita joateko, bai zutik joateko, seinaleztaturik daude.

Era berean, jakinarazi dute autobusak gutxienez egunean behin garbitzen eta desinfektatzen jarraitzen dutela. Horrez gain, Gasteizeko, Bilboko eta Donostiako geltokietako eta Bilboko aireportuko garbiketa indartu egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak