Beste hamar positibo Debagoienean 24 orduan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 25a, 14:30

60 dira dagoeneko Debagoienean egindako detekzio-probetan positibo eman dutenak. Hala, Arrasaten daude kasu berri gehien, 22tik 27 igo dira koronabirus kasuak. Oñatin ere hiru positibo berri atzeman dituzte, seitik bederatzira igo delarik zifra. Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere kasu berri bana identifikatu dituzte. Bestalde, Arrasateko ospitalean koronabirusa duten 26 pertsona daude eta hiru alta egon dira.

Miguel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio zuzendariak eskaini du gaur prentsa agerraldia. Berak jakinarazi ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako azken datuak eta bestelako informazioa ere eman du. EAEn 543 gaixo berri egon dira azken egunean, guztira 3.271 koronabirus kasu daude.

Bizkaian daude gaixo gehien, 1.501 dagoeneko, horietatik 310 ospitalean. Araban 1.207 dira positiboak eta 674 daude ospitalean. Gipuzkoan 563 kasu atzeman dituzte eta horietatik 163 ospitalean daude. Bestalde, 407 lagunek ospitaleko alta jaso dute.

Testak autotik jaitsi barik

8.735 pertsonei egin dizkiete orain artean detekzio-probak, 1.199 atzoko egunean, Sanchezek azaldu duenez. Izan ere, dagoeneko martxan jarri dute autotik irten gabe testak egiteko sistema; kasu batzuetan autoan izan beharrean, karpak jarriko dira eta beste batzuetan osasun zentroan bertan egingo dituzte. Hala ere, osasun arloko langileei eta kolektibo zaurgarriei edo Osasun sailak zehazten dituen pertsonei bideratuta egongo dira soilik. Arrasateko ospitalean ere astelehenetik martxan dago sistema berria. 

Datuak herriz herri

Herriak Positiboak
Arrasate 27
Aretxabaleta 11
Oñati 9
Bergara 8
Eskoriatza 3
Antzuola 1
Aramaio 1

EAEn kutsatutakoak adin tarteka

Adina Positiboak
0-9 17
10-19 34
20-29 156
30-39 318
40-49 466
50-59 603
60-69 583
70-79 531
80-89 416
90 urte edo gehiago 147

Koronabirusak hildako pertsonen kopuruari dagokionez, 22 hil dira azken 24 orduetan, guztira 155 dira dagoeneko. Honenbestez, orain artean hildakoen datuak hauek dira: 20-29 urte arteko pertsona bat; beste bat 40-49 urte bitartekoa; sei 50-59 bitartekoak; hamalau 60-69 urte bitartekoak; hogeita hamabi 70-79 urte bitartekoak; hirurogeita zortzi 80-89 urte bitartekoak eta hogeita hamabi 90 urte edo gehiagokoak. 

Osakidetzako informazio buletina osorik ikus dezakezu hemen.

161 mediku berri

Osasun sistema indartzeko asmotan, azken BAME Barne Mediku Egoiliarren frogan gutxieneko nota gainditu zuten ikasleak kontratatuko ditu Osakidetzak. 161 mediku berri egongo dira lanean datozen egunetan ospitale ezberdinetan, horietatik hamabi gaur bertan hasi dira lanean Araban.

Horretaz gain, Miguel Sanchezek azaldu du, EHUrekin harremanetan dabiltzala, erizain eta medikuntzako ikasleak ere, laguntzaile moduan osasun zerbitzura gehitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak