Neurri horrekin osasun langileen "eginahalean laguntzea" da helburua, "lan izugarria eta ezin baliotsuagoa egiten dabiltzalako". Horrela, "erosten ematen duten denbora gutxitzea" gura da.
65 urtetik gorakoek, haurdunek eta desgaitasunak dituztenek ere lehentasuna izango dute "kolektiborik zaurgarrienak" direlako. Horrez gain, lehentasunez artatuko dituzte freskoen ataletan, hau da, arrandegian, harategian eta urdaitegian. Eta lehentasuna ematen dieten ordainlekuak ere jarri dituzte.
Prebentzio eta babes neurriak
Eroskik adierazi du hainbat neurri hartzen joan dela saltokietan alarma egoera ezarri zenetik. Garbiketa zerbitzua indartu egin dute, eta hainbat gainazalen desinfekzioa areagotu. Bestalde, eskularruen erabilera orokortu da bai langileetan eta bai bezeroetan eta soluzio hidroalkoholdun bat ipini dute ekipoentzat. Gainera, metakrilatozko 4.000 pantaila baino gehiago instalatzen hasita daude joan den astetik, "langilea zein bezeroa ordainlekuan babesteko".
Saltokien itxiera ordua 20:00etara aurreratuta du joan den astetik Eroskik. Eta supermerkatuetara doazenen kopurua kontrolatzeko sistema bat ezarri du "gutxieneko segurtasun distantzia bermatu" ahal izateko. Bezeroei aholkuak ere eman dizkiete erosketak egiterako orduan: familiako kide bakarra joatea; arrisku taldeen kasuan dendara ahal den gutxiena agertzea; eskularruak erabiltzea eta erabili eta gero paperontzietara botatzea; txartelarekin zein sakelakoarekin ordaintzea saiatzea...
Oinarrizko produktu unitate kopuru jakina
Era berean, adierazi dute pertsona bakoitzak oinarrizko produktuen unitate kopuru jakin bat erosi ahalko duela: "Gehiegikeriaz erostearena eragotziko dugu horrela, eta jende gehiagok izango ditu eskura produktuak".
On line supermerkatua eta erosketak etxera eramateko zerbitzua indartzeko ahaleginean ere badabilela adierazi du Eroskik. "Zerbitzu horietan eskaria ohi baino gehiago igo denez, Eroski lanean ari da horien gaitasuna %40an handitzeko, eta asmoa du asteburu honetarako jada martxa egotea".