Lehendakariak gobernu kontseiluaren ostean eskaini duen prentsaurrekoan zehaztu du COVID19 programako neurriak "epe laburrekoak" direla, hau da, "momentuko egoerari erantzuteko". Epe ertainean, osasun larrialdi egoera igaro bezain pronto, "euskal ekonomia berpizten" lagunduko dutela azpimarratu du, Euskadi Zutik proiektuaren bidez.
841 milioi euro
Osasun sistema sendotzeko eta arlo ekonomikoan hainbat laguntza ematea da Eusko Jaurlaritzaren COVID19 programaren asmoa. Hala, osasun sistema indartzeko neurrien artean daude, besteak beste, sendagaiak hornitzea eta ekoiztea, eta osasun-materiala eskuratzea, telefono bidezko aholkularitza indartzea edota arreta emateko gune berriak egokitzea.
Pertsonei eta familiei zuzendutako neurriei dagokienez, zati handiena hiru esparrutara bideratuko da: Bazterketa Esparruko Funtsa errentara, Kontziliaziorako Programaren hedapenera eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak handitzera bideratuko da.
Enpresei eta autonomientzako neurriei dagokienez, finantza arloko laguntzak emango zaizkie eta horretarako 500 milioi euro bideratuko dira. Horretaz gain, Bideratu programa, finantzaketa linearen kostuak edota lehen ekoizpeneko produktu galkorren soberakinen erosketa daude.
Urkulluk adierazi duenez, neurri horiekin adituek "koma ekonomiko" bezala definitzen dutena ekidin nahi dute. Eta gaineratu du, ekonomia geratuz gero, "itxiera osotik hastea askoz ere zailagoa" izango litzatekeela. Ildo horretan, langileen osasuna eta jarduera ekonomikoa mantentzea "bateragarriak" direla esan du lehendakariak. Hala, jarduera ekonomiko oro etetea "muturreko neurria" izango litzatekeela esan du eta erabakia "estatu mailan" hartu beharko litzatekeela argudiatu du; beti ere, "oinarrizko zerbitzuak babestuta".
841 milioi euroak nondik aterako dien galdetuta, Urkulluk esan du iazko etekinak erabiliko dituztela batetik, eta horretaz gain Jaurlaritzak zorpetzeko gaitasuna ere baliatuko duela esan du. Gainera, dagoeneko onartuta dauden 2020ko aurrekontuak ere egokitu egingo dituztela esan du. Bestalde, Jaurlaritzak iragarritako laguntzak Espainiako Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoen "osagarri" direla azpimarratu du lehendakariak.