24 ordutan 324 positibo berri eta 23 hildako egon dira EAEn

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 23a, 13:38

Nekane Murga eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak gaurko prentsaurrekoan.

2.421 dira dagoeneko EAEn COVID-19 gaitzarekin positibo eman duten pertsonak, horietatik 1.005 ospitalean daude. Kutsatutako pertsona gehien Bizkaian daude, 1.032 guztira; Araban 1.009 dira eta Gipuzkoan 380. Hildakoak denera 120 dira, azken 24 ordutan 23 lagun zendu ostean.

Gaurko prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak hitz egin dute. Murgak, egoerak larria izaten jarraitzen duela azpimarratu du: "Gaur ere datuak larriak dira, eta gure adituen arabera, hurrengo egunetan ere egoera ez da hobetuko. Beraz, Osakidetzan aldaketak egiten jarraituko dugu, birusari aurre egiteko".

Murga sailburuaren arabera, EAEko kutsatuen %30 baino gehiago ospitaleratuta daude eta gune gehiago prestatzen ari dira gaixoak artatzeko. Horien artean nabarmendu du hotel bat prestatzen ari direla. Bestalde, gaineratu du ez direla autonomia erkidegoen arteko sendatze-tasak alderatu behar, erabiltzen diren irizpideak ez baitira guztietan berdinak.

Gainera, sailburuak zehaztu duenez, koronabirusa atzemateko 7.047 proba egin dituzte denera; horietako 800 atzo. Test azkarrei dagokienez, jakinarazi du momentuz ez dituztela jaso, eta ministerioak esan duela aste amaieran helduko direla.

Isunak

Bere aldetik, Beltran de Heredia sailburuak esan du, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 866 salaketa jarri zituztela atzo EAEn, baina kasu horiek "salbuespena" direla eta gizartea "ondo" erantzuten ari dela egoera berriari.

Bestalde, sailburuak nabarmendu nahi izan du Euskadin %69 jaitsi direla arau-hauste penalak. Ildo horretan, herritarrei gogorarazi die beraien kolaborazioa ere garrantzitsua dela eta arau-hausteak salatzera gonbidatu ditu. Horretarako, gogorarazi du herritarrek eskura dituztela bi aplikazio: 112 SOS Deiak edo Ertzaintzarena.

Horretaz gain, Segurtasun sailburuak esan du Ertzaintzako deskontaminazio taldeko kideak gaur bertan hasiko direla hainbat lan egiten Gasteizen, eta bihartik aurrera, suhiltzaileak ere eginkizun horretara batuko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak