Bi helburu nagusirekin sortu dute organoa. Batetik, "lurraldeko egoera ekonomikoaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin" ahal izateko eta, bestetik, "modu partekatuan neurri ekonomikoak eta fiskalak abiarazteko, Covid-19 birusa jarduera ekonomikoan eta enpleguan edukitzen ari den ondorioak lehenbailehen arintzeko".
Diputatu Markel Olanok azpimarratu du elkarlana eta elkartasuna inoiz baino ezinbestekoago direla, "Gipuzkoan gizarte kohesionatua eta lehiakorra eraiki ahal izateko" beharrezko izan direla eta horiek egingo dutela posible krisialdi hau gainditzea.
Bi ardatz eduki ditu gaurko bilerak. Batetik, ekonomia ehuneko ordezkarien kezkak, ekarpenak eta beharrak lehen eskutik entzun ditu Aldundiak. Hala, pandemia enpresen, merkatarien, autonomoen eta langileen eguneroko jardunean dagoeneko sortzen ari den inpaktuaz aritu dira. Bestetik, parte hartu duten eragileekin partekatu da egoera honi aurre egiteko foru erakundeak martxan jarriko duen lehen ekimen sorta, bereziki enpresa eta txiki eta ertainei zuzendutakoa. Helburu nagusietako bat izango da horiei gaur egun dagoen informazioa gerturatzea, erakunde publiko desberdinek eskaintzen dituzten diru laguntza guztien onuradun izateko aukera eduki dezaten, eta modurik eraginkorrenean erabili ditzaten pandemiaren eraginak gutxitzeko.