Udaltzaingoaren zaintza areagotu egin dute, orokorrean, Debagoieneko herri guztietako supermerkatu eta denda inguruetan, auzoetan, kaleetan eta haur-parkeetan, besteak beste, oinezkoen eta autoen joan-etorriak murrizteko helburuarekin; hori horrela, atzo, eguena, Arrasaten, udaltzainek 250 autotik gora gelditu zituzten, 45 pertsona identifikatu zituzten, eta bederatzi lagunek Herritarren Segurtasunerako Legea urratu zutela-eta, isuna jaso zuten.
Bergaran, astelehenetik gaur arte, 20 isun
Aurreko astean hasi ziren Bergarako udaltzainak herritarrei kalean ibiltzeko neurriei buruz informatzen, eta aste honetan hasi direla azaldu dute identifikatzen eta zigorrak jartzen: "Autoak eta oinezko gehiago geratu ditugun arren, astelehenetik, gaur egubakoitza eguerdia bitartean, 140 identifikazio-fitxa egin ditugu eta 20 isun jarri ditugu desobedientzia leporatuta, martitzenean lehenengoa. Jarritako multa horiek behin baino gehiagotan abisua eman edo gelditu dugun pertsonei izan dira, edota oso modu nabarmenean aginduari uko egin diotenek jaso dute".
Oñatin, momentuz isun bakarra
Oñatiko alkate Izaro Elortzak ere adierazi du hasieran kalean zenbiltzan herritarrei abisuak bakarrik ematen zizkietela, baina gero eta zorrotzagoak jarri direla, paseoan edo kalean bestelako egin-behar barik ari direnekin: "Orokorrean egunetik egunera herritarrek agindutako neurriak hobeto betetzen ari direla adierazi didate udaltzainek, hau da, denda kanpoetan ilarak modu egokian zaintzen, adibidez, baina badaude tranpatxoak egiten saiatzen direnak ere. 21 pertsona identifikatu dituzte atzo eta gaur eguerdia bitartean, eta isun bat jarri diote horietako bati, aginduari muzin egiteagatik".