Eudelek gomendio berriak eman dizkie udalei

Maialen Regueiro 2020ko mar. 17a, 17:38

Bergarako osoko bilkura

Udalentzako gomendio berriak jakinarazi ditu Eudelek, eta antolatu berri den elkartasun programarekin, TAO sistemarekin, udal zergekin, osoko bilkurekin eta kontratazioekin dute lotura.

Elkartasun Sare Antolatua

Sortu berri den Elkartasun Sare Antolatua erosketak egin ezin  duten, farmaziara joan ezin diren edota bestelakoak behar dituzten pertsonei laguntzeko sortu da. Sare horretan, boluntario-eskaera guztiak zentralizatuko dira eta egoera horien jarraipena telefono bidez egingo da.

TAO sistema eta Udal zergak

TAO sistemari dagokionez, etxeetara zerbitzua ematera joaten diren osasun-langileek ez dute TAOrik ordaindu beharko eta Udalek ibilgailu horien matrikulak izango dituzte. Horrez gain, udal zergak eta tasak ordaintzeko epea luzatu egingo da.

Osoko bilkurak eta batzorde bilerak

Osoko bilkura eta batzorde bilerei dagokienez, hiru neurri jakinarazi ditu Eudelek martxoa amaitu bitartean bete beharko direnak: lehenengoa, ezinbestekoak diren osoko bilkura eta batzorde bilerak egitea; bigarrena, egiten diren batzorde bileretan talde bakoitzeko zinegotzi bakarra egotea eta zinegotzien botoa talde horretako bozeramailearen edo zinegotzi arduradunaren esku uztea eta azkenik, pertsonen arteko distantzia (metro bat gutxienez) errespetatzea eta horretarako, osoko bilkura edo batzorde bilera leku zabalago batera eramatea. 

Kontratazioak

Eudel udalek egindako kontratazioei buruzko txosten bat egiten ari da, non hainbat esparruri buruzko gomendioak emango diren: azpikontratatutako enpresek ematen dituzten zerbitzuak etetea eta azpikontratatutako langileen egoera, azpikontratatutako enpresei jakinarazpenak egitea, enpresa horiei gastuak konpentsatzea, epe administratiboak etetea eta kontratua eteteko edo zerbitzua bertan behera uzteko gehieneko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak