Soraluzeko erailketa matxista salatzeko lapiko jotze deialdia egin dute

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 17a, 09:08
Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako kiribila Bergaran.

21:00etan balkoira edo leihora irten eta lapikoa eskuan hartuta, Octavia Gomez 74 urteko Soraluzeko bizilagunaren hilketa salatzeko deialdia egin du Euskal Herriko Mundu Martxak. Deialdi horrekin bat egin dute Bergarako, Arrasateko eta Oñatiko talde feministek ere.

Soraluzen atzo ozen gaitzetsi zuten hilketa, Plaentxia.eus-ek jasotako bideo honetan ikusten den moduan.

Euskal Herriko Mundu Martxaren mezua

Beste emakume bat eraila Soraluzen

Soraluzeko Octavia Gomezen hilketa matxistaren aurrean, honako hau nabarmendu nahi dugu:

Duela astebete izan genuen ere Euskal Herrian eraildako beste bi emakumeen berri. Hiru hildako astebete baino gutxiagoan, hau bai dela pandemia bat, eta horren aurrean ez da ez baliabiderik ez neurri zorrotzik jartzen. Salatu nahi dugu Madrilgo gobernuak hartu eta ezarritako neurriak, Lakuako eta Iruñako gobernuen abalarekin, ez dutela erantzuten emakumeen egoeraren errealitateari, ez gaituztela kontuan hartzen eta ez daudela bizi ditugun zirkunstantzien mailan.

Ez zaintzaren gaian (konpondu gabe eta gure bizkar gainean, nahitaez, beste behin), ezta indarkeria matxistaren prebentzioan ere. Etxeetan (ez etxebizitzetan) pertsona guztientzako derrigorrezko konfinamendua emakume askoren eta erasotzaileen nahitaezko itxialdia izaten ari da, salaketarik, ihesbiderik eta egoeratik ateratzeko aukerarik gabe.

Areagotuko diren kasu horiek konpontzeko eta horiei irtenbidea emateko ez dira bitarteko errealik edo eraginkorrik jarri. Horren aurrean, irtenbide errealak eta errealistak eskatzen ditugu, koronobirusaren krisian zehar indarkeria horri aurre egin ahal izateko.

Euskal Herriko Emakume Mundu Martxatik, herritar guztiak animatzen ditugu azken hilketa hau salatzera leiho eta balkoietara irtenda bihar, martxoak 17, asteartea 21:00etan eta ahalik eta zaratarik handiena eginez (kazolak, txilibituak...).

Era berean, eta gure auzo, herri eta hirietan aktibatu diren zaintza-sareekin batera, arreta eskatzen dizuegu indarkeria matxistari aurre egiten ari zaion gure auzokide oro detektatu eta babesteko, bakarrik ez daudela jakin dezaten!

ASKI DA!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak