Urtero legez Intxortako frontearen erresistentzia gogora ekartzeko ekitaldiak egingo dituzte Elgetan. Ekitaldi nagusiak apirilaren 26rako iragarri dituzte. Aurreko egunetan ere izango dira komiki baten aurkezpena eta ikus-entzunezko baten emanaldia. Egia, justizia, erreparazioa eta gertatutakoak ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzeko egiten dituzte urtero ekitaldiok Elgetan. Aurten ez da salbuespena izango.
Gerrako haur debagoiendarrak protagonista
Aurreko urteetan gudari eta milizianoak, emakume erresistenteak, gizarte zibila... omendu dira eta aurten gerrako haur debagoiendarrak izango dira protagonista. "Ehunka izan ziren ihes egin behar izan zuten haurrak, beren familiekin edo planifikatutako ebakuazioetan. Urte asko igaro dira, batzuk itzuli ziren erbestetik, beste batzuk ez. Horietako asko ez dira jada bizi, baina garaiz gaude oraindik gurekin dauden adinekoei merezi duten omenaldia egiteko", adierazi dute antolatzaileek. "55 izango dira omenduko ditugun gerrako umeak, Debagoieneko herri guztietakoak".
Gerrako haur debagoiendarren zerrenda osatzen dihardute antolatzaileek, eta laguntza ere eskatu dute zeregin horretan. Oraingoz, 55 lagunen berri izan dute. Apirilaren 26ko omenaldi ekitaldira gonbidatu dituzte. Izenen zerrenda Irrintzia izeneko argitalpenean jaso dituzte. Behean dago ikusgai.
Apirileko egitaraua
- Apirilak 21
-19:00etan, Emakumeon memoria 1937 Elgetako gertakarietan oinarritutako komikiaren aurkezpena.
- Apirilak 23
-19:00etan, Zer da gerra? ikus-entzunezkoa.
- Apirilak 26
-Goizean zehar, memoria taldeen azoka.
-10:30ean, Elgeta gerra garaian bisita gidatua.
-12:30ean, Debagoieneko gerrako umeei omenaldia Elgetako pilotalekua.
- 13:15ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak ikuskizuna kalean.

Oharra: COVID-19 koronabirusa tarteko, baliteke egitarauak edo omenaldiak aldaketak izatea. Erabakiak hartu ahala jakinaraziko dituzte.