Irudi ezohikoak ikusten dira kalean dagoeneko. Farmazia eta banketxeek, adibidez, neurri bereziak hartu dituzte, ilara egiterakoan bezeroen arteko distantzia zehaztuz.
Taberna eta elkarte gastronomiko batzuek ere ateak ixteko erabakia hartu dute euren kabuz, agintariek neurri zorrotzagoak hartu arte itxaron gabe. Beste batzuek aldiz, oraindik erabakitzeko daukate zer egin edo gobernarien aginduari itxarongo diotela aurreratu dute. Gainera, okindegi batzuek ordutegi mugatuak zehaztu dituzte.
Ateak ixteko erabakiaren berri eman dute, besteak beste, Oñatiko Arrano, Ongi, Eltzia eta Aloña Mendi tabernak (azken hau martxoak 14 hasita), baita Txantxiku Txoko elkarteak ere; Bergarako Arrano (16:30etik aurrera) eta Dixula tabernak eta Ozkarbi elkarteak; Eskoriatzako Inkernu (eguerditik aurrera) eta Urrestilla tabernak; Arrasateko Gran Muralla jatetxeak; Aretxabaletako Urbaltz tabernak...
Bestalde, Eskoriatzako Akeita eta Compostelak aurreratu dute pintxo poterik ez eskaintzeko erabakia hartu dutela. Oñatin, Bizipoz kafetegiak soilik okindegi zerbitzua eskainiko du (07:00-14:00 artean) eta Egaña okindegiak astelehenetik aurrera itxita egongo dela aurreratu du, baina egun batzuetan karapaixotarako irekiko dute.
Sagardotegiak ere itxita
Hernaniko sagardogileek "aho batez" erabaki dute gaur bertan sagardotegiak ixtea. Aramaioko Iturrieta sagardotegitik adierazi digutenez, beraiek ere gauza bera egingo dute ziurrenik.
Bestalde, eskolak etenda dauden arren, haur gutxi ikusten dira kalean edo parkeetan. Hala ere, adibidez Aretxabaletako kantxan gaztetxo ugari ibili dira gaur goizean.