Osasun larrialdi egoera deklaratu ostean, lehendakariak "eskumen bereziak" hartu ditu

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 13a, 12:06

Lehendaria gaur eskaini duen prentsaurreko une batean.

Babes zibilaren ardura izango du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta beharrezkoa balitz, aparteko neurriak hartzeko ahalmena izango luke, hala nola, herritarrak "konfinatuz" edota "arrisku tokira sartzea galarazita".

Lehendakariak gaur eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, larrialdi legearen 8. artikuluari jarraiki, eskumen bereziak izango lituzke Jaurlaritzak, horien artean:

  • Herritarrak konfinatu ahalko ditu euren etxeetan edo leku seguruetan.
  • Herritarrei arrisku tokietara sartzea ekidin.
  • Herritarrak toki arriskutsuetatik atera eta beste norabait eraman.
  • Zerbitzuen eta ondasunen kontsumoa mugatu.
  • Ekitaldi edo ekintzak debekatzea edo mugatzea.

Hala ere, Urkulluk azpimarratu du, aplikatuz gero, "neurriek epe mugatua eta, jakina, proportzionatua" izango dutela.

Bestalde, lehendakariak esan du badakitela "aparteko ahalegina" eskatzen ari direla pertsona bakoitzari, enpresa eta elkarte bakoitzari eta osasun langileei, eta guztientzako esker hitzak izan ditu. Gainera, nabarmendu du, osasun arloko langileen "konpromiso profesionala eta familiarra eredugarri" izaten ari dela. Bestalde, hiru mezu helarazi nahi izan dizkie herritarrei:

  1. Ahalegin ezohikoa eta erabat justifikatua da. Gainera, mugarri historikoa da.
  2. Erronka globala da, baina baita barne erronka ere. Guztion ekarpena ezinbesteko da, denok lana norabide berean joan behar dugu eta egiten ari gara. Kontziente izan behar dugu oraindik ez dugula okerrena pasatu.
  3. Osasuna zaindu beharreko ondasuna da. Aginduak uneoro bete behar dira eta ezinbestekoa da pertsona orok prebentzio neurriak onartu, bete eta zabaltzea.

Hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzeko aukerari buruz galdetu diote prentsaurrekora joan diren kazetariek lehendakariari. Zentzu horretan, orain arteko informazio bera helarazi du, hau da, "lege hutsune" bat dagoela eta egoera legalki eta juridikoki aztertzen ari direla. Bestalde, astelehenean gainontzeko alderdiekin bilduko dela gogorarazi du. Bilera, haien iritziak jasotzeko izango dela aurreratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak