Mankomunitatean bertan egin zuten atzoko saioa eta han egingo dute hilaren 26koa ere. Langileei, enpresetako kide eta zuzendariei eta eragileei zuzenduta daude jardunaldi hauek, nahiz eta Garapen Agentziako arduradun Koldo Azkoitiak azaldu duen interesa duen edonorendako ateak zabalik dituztela.
Atzoko saioan, besteak beste, enpresaren kapitalean langileek duten partaidetza izan zuten berbagai, eredu ezberdinak, transmisiorako alternatibak eta enpresaren kapitalean parte hartzeko prozesuak landuta. Modu berean, kasu praktikoak eta eskualdatzeen gaineko programak eta laguntza ezberdinak ere aztertu zituzten. 17 pertsonak eman dute izena.
Formula kooperatiboak aztergai
Printzipioz, bigarren saioa martxoaren 26an egingo dute, eta enpresen transmisioan gizarte-ekonomiak eskaintzen dituen formulak aztertuko dituzte. "Kasu gehienetan gertatzen dena planteatu dugu bigarren saio horretarako, hau da, langileek enpresa hartzea, eta horretarako, ekonomia sozialeko formularen bat erabiltzea. Izan ere, baliteke enpresaren eredu aldaketa bat ere izatea, eta askotan gertatzen da hori. Familia enpresek edo jabetza pribatuak dituztenek normalean langileei transmititzen dietenean jabetza, formula kooperatiboak bilatzen dituzte", dio Azkoitiak.
Horretarako, Elkarlan eta Asleko ordezkariak izango dituzte, arduradunaren esanetan. "Doako zerbitzuak ematen dituzten bi eragile dira, halako kasuekin oso trebatuak direnak". Norberto Alboniga izango da Elkarlaneko ordezkaria eta Aslekoa, berriz, Ana Isabel Yoldi.
Iaz, horrelako hiru kasu
Jardunaldi hauek hainbat helburu dituzte, baina inportanteena enpresak eskualdatzeko prozesuari buruz informatzea eta orientatzea da, "jabeek erretiroa hartu behar dutelako, enpresa saldu nahi dutelako edo beste arrazoi bat dela-eta euren enpresa transmititu gura duten horiendako". Normalean, enpresa txikiak dira, Azkoitiaren esanetan, eta, askotan, planteatzen dutena da transmisio hori zeini eta nola egin.
Dioenez, iaz, adibidez, horrelako hiru kasu izan ziren. "Horietatik bik ondo egin zuten prozesu guztia, eta besteak ez. Horrelako kasuak gertatu izan dira, eta geroz eta gehiago daude. Gure ikuspegitik, garrantzitsua da enpresa eta ekintzaile berriak egotea, baina baita ditugunak ere merkatuan mantentzea", gaineratu du.