'Ttap' aldizkari digitalaren edizio berriak ostiralean ikusiko du argia

Maialen Regueiro 2020ko mar. 18a, 12:22

Ttap aldizkari digitala eduki eta forma berriarekin argitaratuko da, ostiraletik, martxoaren 20tik aurrera. Dagoeneko 20 hilabete igaro dira lehen zenbakia argitaratu zenetik eta aldizkariaren lan-taldeak ibilbide sakonaren gogoeta egin du, aldizkariari hainbat aldaketa egiteko erabakia hartuz.

Edizio bakarra

Ttap aldizkariak orain arte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako edizioak izan ditu, baina aurrerantzean edizio bakarra izango du, hau da, Ttap bakarra izango da Euskal Herri osoarentzat. "Hasieran genuen susmoa berretsi dugu, eta ikusi dugu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erabiltzaileen portaeran badirela aldeak. Aldizkariaren kontsumoan badaude diferentziak lurralde batetik bestera. Baina ñabardura txikiak dira, eta uste dugu ez direla nahikoak hiru edizioko eskemari eusteko. Gainera irakurle askok behin baino gehiagotan eskatu digute edizioak bateratzea, eta aurrerantzean hala jardungo dugu" adierazi du, aldizkariaren zuzendari Monika Belastegik.

Atal eta kolaboratzaile berriak

Edizio bakarra izanik, atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu eta euskal lurralde guztietako gaiak landuko dira. "Lurraldekako planteamendua gainditu eta euskal herritar guztiendako produktu interesgarria sortu nahi dugu" azaldu du, Belastegik. Besteak beste, Izaro Andres, Anabel Arraiza, Aitzol Atutxa, Ion Celestino, Aingeru Epaltza, Angel Erro, June Fernandez, Ander Izagirre, Ane Labaka, Bea Sever, Arantza Urretabizkaia, Oier Zuñiga, Janire Azkueta, Jokin Ayerregaray, Naia Ibrain eta Aitor Abaroa izango dira Ttap-ekin kolaboratuko duten lagunetako batzuk. 

Diseinua eta maketazioa

Ttap berrituak aldaketa nabarmenak dakartza diseinuan eta maketazioan. "Inbertsio handia egin dugu aldizkariaren diseinua eta maketazioa eraberritzen, garbiagoa eta erabiltzen errazagoa izan dadin" azpimarratu du Belastegik. Horrekin batera, Iñaki Iturbek, Ttap-en diseinuaren arduradunak, aldizkari berrituak izango dituen aldaketak azaldu ditu: "Diseinu berriak edukia modu erabilerrazean ematen du. Giltzak dira ordena –elementu grafikoak logika bateratuz antolatuta daude– eta diseinuaren garbitasuna. Gainera, aurrerantzean, mobileko edukiak tabletakoen mailan egongo dira, ez dira murritzagoak izango. Eta aldizkariaren izenari keinu eginez, bitxikeria bat dakar diseinuak: azalean ageri den pertsona elkarrizketatuak irakurlea agurtu ondoren, aldizkariaren izenak dioen moduan, ttap egingo du pantailaren beste aldetik eta orduan agertuko da pantailan aldizkariaren izena".

'Gorabeherak' atala

Edizio berriak aldizkarirako propio sortu den eduki berria estreinatuko du: Gorabeherak ikus-entzunezko sail bat da, umorezko kapitulu laburrez osatua dagoena eta hamabostean behin eskainiko dena. "Gorabeherak-en planteamendua oso sinplea da: igogailu bat izango dugu, hildakoak zerura ala infernura eramaten dituena. Igogailu horren arduraduna Ramon da, igogailuzaina, eta berak egoera xelebreak biziko ditu igogailuan gora ala behera eraman behar dituen eta denok ezagutzen ditugun pertsonaiekin. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako" azaldu du Belastegik.

Oinarriekiko fideltasuna

Martxoaren 20an, Ttap-en edizio berritua argitaratuko bada ere, oinarrizko irizpideak mantendu egingo dira: doako aldizkari digitala, kontsumo arin eta urbanokoa, irakurri ez ezik, ikusi, ukitu eta entzun egin daitekeena, euskara hutsez eta hainbat komunikabideren artean elkarlanean ekoitzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak