Hiru pertsona gehiago hil dira atzotik, bi Araban eta bat Gipuzkoan. Bestalde, hasiera batean positibo gisa zenbatuta zegoen Bizkaiko hildako bat, ez zegoela kutsatuta jakinarazi dute gaur. Hortaz, koronabirusaren ondoriozko heriotzak guztira 11 dira Euskadin.
Horren harira, Nekane Murga Osasun Sailburuak orain arte hildakoen profilaren nolakotasuna zehaztu du: "Adineko pertsona eta aurretiko patologiak dituena".
Bestalde, koronabirusaren probak egin eta emaitza negatiboa eman dutenak, hau da, kutsatu gabeko pertsonak, 1.580 direla ere jakinarazi dute.
Herritarren lankidetza
Nekane Murgak "elkarlana eta erantzukizuna" eskatu die herritar guztiei "egoera guztion artean bideratzeko". Etxeetan garbitasun neurriak handitzeko eskatu du eta "pertsona askok ukitzen dituzten gainazalak garbitzearen garrantzia" azpimarratu du. Kalean ere, barandekin eta antzerakoekin kontuz ibiltzeko eskatu du, ahal den neurrian horiek ukitzea ekidinez.
Herritarren arretari dagokionez, sintomak izanez gero 900 20 30 50 telefonora deitu behar dela gogorarazi du Murgak, ez 112, ezta ere osasun zentroetara joan. Arreta telefonoari dagokionean denbora luzez itxaron behar dela salatu dute hainbat herritarrek, ildo horretan hamabi pertsona gehiago gehitu dituztela lan-taldera aurreratu du Osasun Sailburuak. Murgak zehaztu du, herritarren arretan lan egiteko formakuntza zehatz bat jaso behar dutela langileek, eta horregatik pertsona kopurua gehitzea ez dela horren azkarra. Bestalde, "zalantzak webgune bidez ere argitzeko aukera" dagoela gogorarazi du Murgak.
Azkenik, beste egun batez, Sailburuak gogorarazi du birusa zabaltzea saihesteko eman diren gomendioei jaramon egitea oso garrantzitsua dela. Honako hauek dira:
- Eskuak arreta handiz garbitzea, eta are gehiago arnas sintomak dituztenek. Ez dugu ahaztu behar kutsapenen % 95 pertsonak sintomak dituenean gertatzen direla.
- Gainazalak garbitzea.
- Eztul egitean ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea.
- Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute egon behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan.