Atzotik gaurrera bitartean 64 koronabirus-positibo detektatu dira EAEn, eta ondorioz, kutsatutakoen kopurua 261era igo da; 102 ospitalean daude. Eta zazpigarren heriotza izan da erkidegoan, 86 urteko gizonezko gipuzkoarra hain zuzen ere.
Araban 48 positibo gehiago atzeman dituzte eta 201 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 73 ospitalizatuta daude, baina ez dago aldaketarik hildakoen kopuruari dagokionez (hiru dira).
Gipuzkoan beste positibo bat izan da, hortaz, 9 kasu daude orain, horietako bi ospitalean. Bigarren heriotza izan da lurralde horretan.
Bizkaian beste 15 kasu berri daude, eta guztira, 51 dira kutsatutakoak; horietatik 27 ospitalean daude. Hildakoen kopurua bitan mantentzen da.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, osasun-agintarien gomendioak zorrotz betetzeko deia egin du.
Hauteskunde deialdia aztertzen
Iñigo Urkullu lehendakariak, komunikabideen aurrean egin duen agerraldian adierazi du koronabirusari aurre egiteak konpromiso instituzionala, politikoa, profesionala eta zibikoa eskatzen duela. Eta azpimarratu du koronabirusa "ez dela gai politiko bat, osasun publikoko gai bat baizik". Ildo horretatik esan du, hauteskunde deialdiari eragin diezaioketen gorabeherak aztertzen dabilela Jaurlaritza, baina erabakiak Hauteskunde Batzorde Zentralari dagozkiola nagusiki.
Bestetik, 300 milioi euroko funts bat eratzea aztertu dutela ere azaldu du Urkulluk. Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak beren eskumenen esparruan hartutako "neurrien osagarri" izango litzateke hori eta osasun- eta hezkuntza-sistemak indartzera bideratuko litzateke; baita familiei, enpresei eta enpleguari laguntzera ere.