Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu eskolak Gasteizen

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mar. 9a, 15:23

Ikasgela hutsik. (Argazkia: Alea.eus)

Gutxienez, martxoaren 23ra arte iraungo duen neurriak debagoiendar askori eragingo die. Izan ere, hainbat dira Gasteizko unibertsitatean ikasten dabiltzanak, baita ere eskola zein goi mailako zentroetan irakasle moduan dihardutenak. Eskolak bertan behera gelditu badira ere, zentroak ez dira itxiko, eta beraz, irakasleek lanera joan beharko dute.

Osasun eta Hezkuntza Sailak bilera batera deitu ditu gaur goizean Arabako hezkuntza zentro guztiak eta sindikatuak, EAEn "egoera epidemikoa geldiarazteko" neurri berriak azaltzeko. Horrela, Gasteiz, Bastida eta Guardiako eskolak bertan behera uzteaz gain, ikastetxeen eskolaz kanpoko jardueretara ere zabaltzen da neurria.

Gasteizko Armentia ikastolako zuzendari Agurne Barrusok GOIENAri azaldu dionez, "helburua da leku berean eta denbora luzez ume asko batera ez egotea". Barrusoren hitzetan, neurriak eragin handia izango du familietan.

Alea.eus-ek jaso duenez, goiz nahasia bizi izan dute Arabako ikastetxeek. Hala, Bastidako bi ikastetxeak eta Gasteizko Odon de Apraiz ikastolak ixteko erabakia hartu dute goizeko lehen orduan, azken egunotan gertatutako kutsadura kasuen ondorioz. Bastidako kasuan, ikasleetako baten gertukoak koronabirusa duelako hartu dute neurria eta Odon de Apraiz ikastolaren kasuan berriz, itxuraz, bi irakasle dira kutsatutakoak.

148 kasu positibo EAEn

Osasun Sailak jakinarazi duenez, EAEn orain artean koronabirusa duten 148 kasu positibo erregistratu dira. Horietatik 47 ospitalizatuta daude, eta 6 pertsona hil dira.

Gipuzkoan bost dira positibo eman duten koronabirus kasuak, horietako bat, 69 urteko emakume bat hil egin da. Azaldu dutenez, "aurretiaz gaixotasun gehiago" zituen. Gainera, bi pertsona ospitalean daude. Araban 122 positibo daude, horietatik 34 ospitalean, eta hiru pertsona hil dira. Bizkaian 21 kasu positibo atzeman dituzte orain artean, eta 11 lagun daude ospitalizatuta.

Arratsaldean, Covid-19 koronabirusaren jarraipena egiteko erakunde arteko koordinazio bilera egingo da eta ostean Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak