Neurri horiek informatiboak zein prebentziozkoak dira, eta erabiltzaileei eta zerbitzua ematen dutenei zuzenduta daude. Hartuko diren prebentzio neurriak "lotura estua" dute Covid-19 birusak erakusten dituen ezaugarriekin; horregatik garbitasun eta higiene neurriak indartzeko azpimarra egin dute, kontaktu intentsiboa duten instalakuntza eta gainazaletan bereziki.
Erabiltzaileak zein erakunde bakoitzean lan egiten duten pertsonak hartuko dituzte kontuan prebentzio neurri horiek; eta ahaleginak egingo dira "haiek babesteko, eta balizko absentismo-egoerei aurre egiteko" prestatuko dira.
Erabiltzaileei bideratutako neurriak
Osakidetzak kartelen eta bideoen bidez ematen dituen jarraibide guztiak zabalduko dituztela garraio publikoaren bidez adierazi dute Foru Aldunditik, "kutsatzeak saihesteko neurriak eta kutsatze posibleen aurrean jarduteko planak helarazteko herritar guztiei".
Garbiketarekin erlazionatutako errutinak egokitu egin beharko direla ere adierazi dute, eta arreta handiagoa jarri beharko dela asko ukitzen diren gainazalen eta puntuen desinfekzioan, eta hondakinak kentzean. Eta desinfekzioa non indartu ere zehaztu dute: heldulekuetan, eskudeletan, mugikortasun urria duten pertsonen segurtasun-zintetan, eta irekierako eta bestelako aginteetan, produktu desinfektatzaile espezifikoak erabiliz.