12:00etan eskaini dute prentsaurrekoa Nekane Murga Osasun sailburuak eta Txema Arteagoitiak, Osasun Saileko Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendariak. Azaldu dutenez, une honetan sei pertsona daude ospitalean ingresatuta; bat Gipuzkoan, Donostiako ospitalean; lau Araban eta bat Bizkaian. Horietako bi ospitaleratze berriak dira. Gaineratu dutenez, Araban aurretik ospitaleratuta zegoen pertsona baten egoera larria da, hainbat patologia kroniko dituelako.
Bestalde, birusa duten 17 pertsona horietatik bost osasun arloko langileak direla ere zehaztu dute; bat Gipuzkoakoa eta lau Arabakoak. Horretaz gain, Arabako ospitalearekin harremana izan duten beste bi langile ere infektatuta daudela jakinarazi dute, baina beste Autonomia Erkidego batzuetakoak direnez, ez dira EAEko datuetan zenbatzen.
Momentuz 176 diagnostiko proba egin dituztela esan dute, eta horietatik positibo eman dutenak aurrez esandako 17 kasuak direla. Diagnostiko probaren emaitzak ezagutzeko, kasu gehienetan, 4-6 ordu behar direla azaldu dute. Baiezko kasuetan, inguruko pertsonen jarraipen sakona egiten da.
250 pertsona kontrolpean
Une honetan, epidemiologiako unitateak 250 pertsona kontrolatzen ari direla esan dute; kontrol horiek maila ezberdinetakoak dira. Horien artean, ehundik gora osasun arloko langileak direla ere zehaztu dute.
Herritarrendako aholkuak
Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako gomendioak betetzea garrantzitsua dela gogorarazi dute. Aholku horiek eskuragarri daude Sailaren eta Osakidetzaren webgunean. Hauek dira nagusiak:
- Etxean geratzea eta 900 20 30 50 telefonora deitzea, arrisku-eremuren batera bidaiatu eta sintomak izanez gero.
- Higiene-neurriak hartzea, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.
- Era berean, gomendatzen da sukarra edo arnas infekzio akutuko sintomak dituzten pertsonak ez joatea esparru itxietan antolatutako ekitaldi kolektiboetara edota instituzioetara (hala nola zentro soziosanitarioak).