Koronabirusaren aurrean orain arteko prebentzio neurriei eustea erabaki du Jaurlaritzak

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 3a, 13:28

Koronabirusaren jarduna aztertzeko sailarteko mahaia elkartu da gaur goizean eta haiekin izan da Iñigo Urkullu lehendakaria. Une honetan hamahiru kasu daude baieztatuta, eta Nekane Murga Osasuneko sailburuak adierazi du prebentzio-neurriei eutsiko dietela, eta oraingoz, ez dela salbuespenezko bestelako neurririk ezartzea aurreikusten.

COVID-19 hamahiru kasu zenbatu dituztela iragarri dute Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan: 10 Araban, 2 Gipuzkoan eta 1 Bizkaian; horietatik bost dira osasun-langileak. Osasun Publikoa eta Osakidetza dabiltza horiei jarraipena egiten. Nekane Murgak eta Josu Erkoreka sailburuek eman dute gaixotutako horien berri.

Bizkaiko kasua atzo gauean baieztatu zuten. Osasun egoera onean dagoen gizonezko bat da. Gaur egun etxean dago eta bertatik egingo diote jarraipena. Itxura guztien arabera, Anberesera egindako bidaia baten ondoren sortu zen kutsaduraren fokua.

Araban beste bi kasu gehitu dira, hortaz, hamar dira guztira. Horietako bat emakumea da eta dagoeneko bakartuta zegoen, lehen positiboen kontaktu bat zelako. Beste kasua gizon bati dagokio, eta, aurrekoa legez, lehen kasuen kontaktu bat zenez, etxeko jarraipenean zegoen. Osasun-egoera dela eta, ospitalera eraman dute jarraipena egiteko. Gipuzkoan erregistratutako bi kasuei dagokienez, bat ospitalera eraman dute.

Prebentzio neurriak

Orain arte hartutako neurrien berri ere eman dute; horien artean, osasun-arloan ezarritakoak nabarmendu dituzte. Osasun Sailak lanean jarraitzen duela baieztatutako kasuen kontaktuak aztertzen adierazi dute; 211 pertsonari ari dira jarraipena egiten une honetan. Ildo horretatik, Murgak iragarri du hamabi mediku gehiago sartuko direla Osasun Publikoko behaketa epidemiologikoko taldean, eta, zerbitzua indartu egingo dela —gaur egun 25 pertsonak lan egiten dute—.

Bestetik, Osakidetzako osasun-erakunde guztiek jardun-protokoloak aplikatzen jarraitzen dutela esan du Murgak eta onartu du osasun-arloko profesionalen artean izandako kasu positiboek murrizketa ekarri dutela zentroetan, bereziki Araban. Hala ere, sailburuak lasaitasunerako
deia berretsi du.

Joan den igandean eman zitzaizkien jarraibideak Osakidetzako erakunde sanitarioei profesionalen kolektiboarekin arreta handiz jokatzeko, eta atzo mahai teknikoak Osasun Ministerioarekin izandako bi bileren ondoren berretsi egin zen erabakia. Neurri horiek zentro soziosanitarioetako profesionalengana ere zabaldu dituzte orain.

Azken asteetan areagotu egin dela profesionalen prestakuntza ere azaldu du bai intranet, mailing eta prestakuntza-bideoen bidez, bai gaixotasun infekziosoetako, prebentzioko, urgentzietako, larrialdietako eta lehen mailako arretako unitateetako 1.700 profesional baino gehiagori zuzendutako aurrez aurreko ikastaroen bitartez.

Osakidetzako Osasun Kontseilua langile gehiagorekin osatu eta indartu dute, eta otsailaren 26tik 900 dei inguru jaso ditu.

Herritarrendako aholkuak

Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako gomendioak betetzea garrantzitsua dela gogorarazi dute. Aholku horiek eskuragarri daude Sailaren eta Osakidetzaren webgunean. Hauek dira nagusiak:

  • Etxean geratzea eta 900 20 30 50 telefonora deitzea, arrisku-eremuren batera bidaiatu eta sintomak izanez gero.
  • Higiene-neurriak hartzea, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.
  • Era berean, gomendatzen da sukarra edo arnas infekzio akutuko sintomak dituzten pertsonak ez joatea esparru itxietan antolatutako ekitaldi kolektiboetara edota instituzioetara (hala nola zentro soziosanitarioak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak