Toki komunikabideen argazki artxiboa Wikimedian partekatzeko proiektua abiatu du Aiurrik

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ots. 27a, 17:05
Aiurrik Wikimedia Commonsera igota 90eko hamarkadako argazkietako batzuk. (Argazkiak: Aiurri)

Beterri-Buruntza-Aiztondoko 90eko hamarkadako 2.000 argazki digitalizatu eta Wikimedia Commonsera igo ditu Aiurri toki komunikabideak. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin eta Tokikom-ekin elkarlanean abiatutako proiektua da, eta proba pilotu hau, gainontzeko toki komunikabideetan ere errepikatzea da antolatzaileen asmoa.

Atzo aurkeztu zuen Aiurrik Tokikom Wikiproiektua Andoaingo Udal Artxiboan. Bertan azaldu zuten 1990 eta 1997 bitarteko 2.000 argazki digitalizatu, dokumentatu eta Wikimediara igo dituztela, "eskualdeko historia hurbila hobeto ezagutzeko eta dokumentatzen laguntzeko baliagarria dena".

Aurkezpenean azaldu zutenez, proiektuak bi beharri erantzuten die. Batetik, argazkilaritza digitala agertzen hasi aurretiko irudietan hutsune handia dauka Wikimediak. Bestetik, ondare historikoaren ikuspegitik, argazki zaharrek balio handia daukate, baina horiek txukun artxibatzeko baliabideak izatea ezinbestekoa da. Ildo horretan hitz egin zuen Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek: "Badakigu balio historiko handiko eduki asko eta asko daudela toki komunikabideen artxiboetan. Eta ezinegon eta inpotentzia handia sortzen digu material hori alferrik galduta dugula jakiteak".

Aiurriren zuzendariak, Joni Ubedak, nabarmendu zuenez, lana handia izan da, baina merezi izan du: "Denborarekin iraganeko irudi horiek balio erantsia hartuko dute, historiari oso lotuta geratzen baitira. Duela 30 urteko argazkiez ari gara, ondare bilakatzeko bidean direnak. Andoaingo 97ko uholde historiko haiek, Laborde enpresaren eraikin ikusgarria, Andoaingo eta eskualdeko eguneroko bizimodua eta bizitza politikoa… horiek urtez urte zaindu beharreko ondare bilakatzen ari dira".

Aiurriko zuzendari Joni Ubeda proiektuaren berri ematen. (Argazkia: Aiurri)

Aiurritik azaldu dute oso pozik daudela proiektu pilotu honen emaitzarekin, eta gonbidapena egin dute artxiboa arakatu eta bertan murgiltzera. Proiektuaren baitan digitalizatutako argazki guztiak Wikimedian ikusi daitezke.

Proiektu bera beste toki komunikabideetan errepikatzeko gogotsu

EWKE eta Tokikom Aiurriko esperientzian bildutako informazioa txukuntzen eta egitasmo bat diseinatzen ari dira, ariketa hau Euskal Herriko beste toki komunikabideetan errepikatzeko. Tokikometik, komunikabideetan gordeta dauden argazki bildumak artxibo bihurtzearen garrantzia azpimarratu dute: "Toki komunikabideetako argazki artxiboak digitalizatu eta publiko zabalaren esku jarrita, Euskal Herriko historia hurbila dokumentatzeko aktibo paregabea lortuko genuke, baina ahalegin handia eskatzen du horrek eta indarrak neurtzen jakin behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak