Oihana Aldai: "Oso berri pozgarria da nesken futboleko lan hitzarmena sinatu izana"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko ots. 21a, 18:00

Erreginaren Kopa Realarekin irabazita, gorenera heldu ostean, Pozoblancon (Kordoba) ari da une honetan Oihana Aldai futbol atezaina (Aretxabaleta, 1992). Emakumezko futbolariek eta futboleko klubek asteon sinatutako lan hitzarmenaz dihardu. 

Akordioa lortu duzue, emakumezko futbolariek eta klubek lan hitzarmena sinatuta. Historikoa da?

Bai. Beharrezkoa zen geroago eta egitura profesionalagoa daukan sektorean. Bi urte genbiltzan borrokan akordioa lortzeko eta pozgarria da lortu izana.

Gehiago lor zitekeen?

Bai, baina lortu da eta oso ona da lortutakoa. Guk eskatzen genituen gutxienekoak lortu ditugu, baina zerbait badugu lehen ez geneukana. Gehiago lor zitekeela? Bai, baina badugu oinarri bat.

Oiartzunen, Zaragozan eta Realean eman dituzu azken lau urteak. Mailarik gorenean. Orain, bigarren mailan zabiltza. Eliteko futbolariei ez ezik, akordio honek zeuri eta zeure moduko beste batzuei ere egiten dizue mesede?

Akordioa lehen mailako kluben artean lortu da. Baina klub horietako talde filialetako edo beheko mailetako jokalariei ere eragiten die. Lehen taldearekin partidu jakin batzuk jokatzen badituzte lan hitzarmena aplikatzen zaie haiei ere. Oro har, nesken futbol osoarendako da ona. 

"Desberdintasun handiak daude jokalarien artean, eta gutxieneko lansaria izatea ona da"

Noiztik diharduzu zuk futbolean?

Etxean hasi nintzen, Aretxabaletan, gazte-gaztetatik, baina 17 urterekin egin nuen debuta lehen mailan, Eibarrekin. Handik itzuli nintzen Mondragoera, bigarren mailara. Azkeneko 10 urteak aritu naiz lehen eta bigarren mailetan.

Gutxieneko lansaria zehazten du akordioak, urtean 16.000 eurokoa. Ondo dago?

Bai. Diru sariari dagokionez, desberdintasun handiak daude jokalarien artean, eta gutxieneko bat izatea ona da. Lehen, ez zegoen halakorik. 

"Beti aldarrikatu izan dugu haurdun geratzeko eskubidea, eta hori orain jasota geratu da"

Ze beste aspektu nabarmenduko zenuke lan hitzarmenaren gainean?

Osotasunean da inportantea. Bestetik, orain, ondo zehaztu edo arautzen da lanaldia eta horregatik jasotzen den lansaria. Gutxienez, %75eko lanaldia izan behar dute jokalariek. Lehen, txikiagoa izan zitekeen berez lanaldia, nahiz eta gero ordu gehiago sartu. Horretaz gain, beti aldarrikatu izan dugu haurdun geratzeko eskubidea, eta hori orain jasota geratu da.

Bigarren mailara ere zabaldu beharko litzateke lan hitzarmena?

Bai. Pauso handia izango litzateke. Baina egia da, oraindik ere, bigarren mailako hainbat klub ez daudela ondo egituratuta, eta, lehenbizi, hori lortu beharko litzateke: egitura eta egonkortasuna klubetan. 

Erizaina zara ikasketaz eta ofizioz eta futbola eta lana uztartu izan dituzu beti. Orain ere bai?

Kordoban, une honetan ez daukat lanik. Denboraldiren erdian, urtarrilean, etorri naiz Kordobara eta maiatzera arte, liga bukatzen den arte, lan bat topatzea ez da samurra izango. Dena den, banabil zerbait topatu guran. 

Urte luzez jarraitzeko asmoa duzu?

Maiatzean zer gertatuko den ez dakit. Inoiz ez dakizu nondik heldu ahal zaizun eskaintza erakargarri bat. Oraingoz, dagoenarekin disfrutatzen ari naiz. Oso gustura nago. 

Eibarren hasi zenuen denboraldia eta Pozoblancora, Kordobara, joatea erabaki zenuen abenduan, Pozoalbense taldean jokatzeko. Ze eskaini dizu klub horrek etxetik horren urrun joateko?

Beharra neukan Eibartik irteteko. Une zailak bizi izan ditut han. Gauzak ez ziren atera espero nuen bezala. Ikusi nuen ez nengoela toki egokian. Beste premia batzuk nituen. Kostata hartu nuen erabakia, baina animatu nintzen eta oso gustura nago. 

Urte oparoa izan da 2019a: Realerakin Kopa, Urrezko Danborra, baita Debagoieneko Kirol Sariak ere… 

Oso urte ona izan da, bai. Zeure taldearekin gorenera heltzea oso handia da. Edozeinek ezin dezake hori esan. 2019ko maiatzaren 11ko eguna gorriz markatuta daukat betirako. Urte askotan egindako lanarengatik jasotako saria izan da. 

Iaz Kopa irabazi ostean, sekulako jipoia jaso zuen Realak Bartzelonaren aurka Superkopako finalean. Normala da emaitza hori?

Ez. Bartzelona oso ondo dabil, talde indartsua osatu du. Kolpe gogorra izan zen Realarendako, baina horrek ezin du estali iaz lortu zena. Sekulakoa izan zen. 

"Klubek dute ardura nesken futbolari behar den garrantzia emateko orduan"

Lan hitzarmen honek lagunduko du talde indartsuenen eta ahulenen arteko ezberdintasunak berdintzeko?

Bai, baina klubek dute ardura nesken futbolari behar den garrantzia emateko orduan. Lan kontuei dagokienez, egoera normalizatzen hasi da lan hitzarmen honekin, baina orain, klubei dagokie nesken futbolaren aldeko apustu sendoa egitea.

Realean bada futboletik bakarrik bizi dena?

Egotekotan, gutxi batzuk izango dira. Neska futbolari gehienak, hemen, ikasten ari dira. Futbola lagatakoan lanbide bat ziurtatu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak