Zaldibar, Ermua eta Eibarrekin batera Elgeta ere kontuan dutela adierazi du Urkulluk

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 18a, 08:15

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Iñaki Arriola, Estefania Beltran de Heredia, Nekane Murga eta Maria Jesus San Jose sailburuek Zaldibarko lur-jausiaren gaineko azalpenak eman dituzte goiz guztian Eusko Legebiltzarrean oposizioko alderdiek hala eskatuta.

Oposizioko alderdiek galdera asko bota dizkiete Urkullu lehendakariari eta gainerako sailburuei batzorde iraunkorrean.

EH Bilduko Maddalen Iriarte hasi da esanez "tragedia humanoa, osasun krisia eta ingurumen krisia" batu direla Zaldibarren, eta gaineratu du sinesgarritasun krisia ere badela "zuhurtzia falta, gardentasun falta eta koordinazio falta" egon direlako. Bi langileren gorpuak berreskuratzeko daudela oraindik eta milaka herritarren kezkak erantzuteko, gaineratu du. 

Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek ildo beretik hitz egin du eta arduradunek zergatik ez duten aurpegirik eman galdetu. PPko Alfonso Alonsok aurpegiratu diete gezurretan ibili direla, aurpegia eman beharrean gorde egin direla, eta herritarrak ez dituztela behar bezala informatu. 

"Koordinatuta jokatu da"

Urkullu lehendakariak eman ditu argibideak lehenengo; bi langileen heriotzagatik atsekabea agertu du eta elkartasuna adierazi senideei. Bi desagertuen erreskatea lehentasuna dela gaineratu du: "Deskantsurik gabe dihardute lanean horretarako". Gobernuaren helburua dela "informazio guztia eta egoeraren gaineko beharrezkoak diren azalpen guztiak" ematea esan du: "Albistea jaso nuenean Segurtasun sailburuarekin nengoen eta krisi mahaia sortu genuen larrialdietako zerbitzuekin batera". Bertaratutako taldeei esan zitzaiela lehentasuna pertsonek zutela ere adierazi du, eta "bizilagunen segurtasuna ere lehentasuna izan dela hasieratik". Hala, Zaldibarren gertatzen ari zenaren berri uneoro zuela gaineratu du eta desagertutakoen senideekin hasieratik mantendu duela komunikazioa: "Segurtasun Saileko zerbitzuek hasieratik eskaini dizkiete zerbitzuak familiei, besteak beste, psikologoak".

Amiantoa egon zitekeelako jendea lanean jarri zutela eta enpresak kontratatu ere aipatu du. Zaldibarko alkatearekin harremana uneorokoa dela ere esan du eta krisi mahaia harremanetan egon dela inguruko herrietako alkateekin.

"Sentitzen dut egindako akatsengatik. Ulertzen dut herritarren eta senideen kezka"

Egindako lanen gaineko berri ere eman du: bilaketa lanak indartu, sua itzaltzeko makinaria gehitu, uraren eta airearen neurketak gehitu, zabortegiari eusteko horma… Eta lehentasunak zehaztu ditu: erreskatea eta herritarren segurtasuna bermatzea; gertaeraren arrazoiak sakon aztertzea; eta zabortegien kudeaketa hobetzeko neurriak hartzea. 

Batasunaren aldeko deia egin du eta gizarteari eta talde politikoei "batasunetik" erantzuteko deia egin die. Era berean, "autokritika egiteko gertu" agertu da eta gaineratu asmo onez jokatu duela: "Sentitzen dut egindako akatsengatik. Ulertzen dut herritarren eta senideen kezka". Koordinatuta jokatu dutela gaineratu du eta esfortzuetan jarri dituztela indarrak.

"Elgeta ere kontuan"

Erantzunkizuna enpresa pribatu batena dela adierazi du: "Enpresa pribatu bat da, lursail pribatu batean. Erakundeak laguntzen dihardute". Eta gaineratu du epailearen aurrean eginbideak aurkeztu dituztela eta Eusko Jaurlaritzak lur-jausiaren arrazoiak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko epailearen aurrera joko duela.

"Zaldibar, Ermua eta Eibarko alkateak daude krisi-mahaian, eta Mallabia eta Elgeta ere kontuan ditugu"

Eta gogorarazi du krisi mahai bat eratu zela hilaren 6an "larrialdietan oinarritutako erakunde arteko mahaia", eta hurrengo astelehenean ere elkartu zela; hainbat sailetako ordezkariak elkartu diren hor, baita Gipuzkoako Aldundiko ere: "Zaldibar, Ermua eta Eibarko alkateak daude mahai horretan, eta Mallabia eta Elgeta ere kontuan ditugu".

"Sua mendean hartu" dute gaur

Sua mendean hartu dutela gaur goizean adierazi dute Arriolak eta Urkulluk: "Hau da, itzalita dago. Eta hori garrantzitsua da aireko partikulen neurketari dagokionez". Eta ortuko elikagaiak ez jateko deia bertan behera uztekotan dela Koordinazio Mahaia ere aipatu du Urkulluk eta gaineratu du: "Osasuna ez da egon arriskuan eta ez dago orain ere".

Airearen kalitatearen berri izateko bost adierazle neurtu direla aipatu du eta horietako bakarrak eman duela ohi baino neurketa altuagoa adierazi du: "Horregatik, bi neurri hartu dira: ez aireztatzea etxeak eta kirol jarduerak ekiditea. Prebentzio neurriak dira eta ez dago osasun arriskurik; horretarako urteetan eta uneoro egon behar da kontaktuan. Uraren kalitatea ere parametro normaletan dago eta bakarrik baserri batzuk ohartarazi dira". Gardentasuna nagusi izan dela informatzerakoan gaineratu du bai tekinkarien aldetik, bai sailburu-ordeen aldetik.

Zabortegiaren egonkortasunaren "arduraduna enpresa"

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak azaldu du enpresak ez zuela amiantorik zegoenik aipatu eta gaineratu du lurraren ezegonkortasuna dela eta bilaketa lanak "segurtasunez egiteko neurriak" hartu behar direla.

Nekane Murga Osasun sailburuak, ostera, osasunerako arriskurik ez dagoela adierazi du nahiz eta dioxinen eta furanoen balio altuak izan eta berretsi du: "Ez gaude alertan".

Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak  Zaldibarko zabortegiaren gaineko datuak eman ditu: dagoeneko 2,8 tona zabor eraman dituztela hara, eta horren bizitza 35 urtekoa dela; bi edo hiru urte besterik ez zitzaizkiola geratzen. Gaineratu du, 2019an Verterri egindako azken ikuskapenean 23 desbideratze jaso zirela, baina "horiek ez zirela larriak". Eta adierazi du enpresa dela zabortegiaren egonkortasunaren arduraduna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak