Filminetik adierazi dutenez, kanalaren helburua da ikusle guztiek "zinema onena beraien ama-hizkuntzan" gozatzeko aukera izatea.
Plataforma hiru bloketan banatuta dago: fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema. Momentuz, kanalean aurki daitezkeen 40 izenburuen artean nabarmentzen dira; Koldo Almandozen Oreina, Telmo Esnalen Dantza, Roberto Castonen Ander edo Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak bezalako film arrakastatsuak.
Dokumentalen artean, Oier Aranzabalek Mikel Urdangarin ardatz hartuta egindako Margolaria azpimarratu dituzte. Baita ere Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen edo Gure Oroitzapenak, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa.
Haurrentzako pelikulen artean Mark Osborneren Printze Txikia edo Dragoi Bola bezalako titulu ezagunez gain, Juan Bautista Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua edo Gorka Sesmaren Pixi Post eta opari-emaileak bezalako euskal animazioak nabarmentzen dira.
Zinema onena euskal publikora hurbiltzearen intentzioarekin, Filminen asmoa da titulu kopurua pixkanaka handitzea. Laster, adibidez, Golem-ek Espainian estreinatutako zenbait europar izenburu ospetsuak euskal azpitituluekin egongo dira eskuragarri Filmin Euskaraz-en.
Filmin Euskaraz-en aurrekaria da 2017an Generalitatearen laguntzarekin jaio zen FilminCAT. Ordutik egindako lanari esker, gaur egun 3.000 titulu baino gehiago aurki daitezke; katalanez hitz egiten dutenak, bikoiztutakoak edo azpitituludunak.