"Leihoak itxita ditugu, ezin dugu etxea aireztatu ere egin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ots. 15a, 10:00
Tere Descarga eta Jon Olaortua senar-emaztea, Elgetako Egoarbitza baserrian.

Airean dioxina eta furano "maila altuak" atzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta hori dela eta Zaldibar, Ermua eta Eibarreko biztanleei "aire librean ariketa fisikorik ez egitea eta etxeak ez aireztatzea" eskatu die. Sutetik gertu egin zituzten neurketak, otsailaren 9an. Elgetako Egoarbitza baserriko Tere Descargarekin egon da GOIENA emaitza horien berri izan ostean: "Beldurtuta gaude oso gertu bizi garelako eta ez dakigulako zer gerta daitekeen. Egunotan leihoak itxita ditugu, ezin dugu etxea aireztatu ere egin".

Tere Descargaren arabera, dakiten guztia Elgetako alkate Iraitz Lazkanok esandakoa da: "Eguenean mezu bat bidali zidan esanez airearen kalitatea ona zela, eta hurrengo egunean, aldiz, airea izugarri kutsatuta zegoela esanez idatzi zidan. Beste inor ez da nirekin harremanetan jarri".

Descarga: "Senarra maskara jarrita joan zen ganadu lanetara, badaezpada"

Hori horrela, "beldurtuta" daudela dio Descargak: "Beldurtuta gaude bertatik oso gertu bizi garelako eta ez dakigulako zer gerta daitekeen. Egunotan leihoak itxita ditugu, ezin dugu etxea aireztatu ere. Nik ez dut ikusi inor airearen kalitatea neurtzen, ez dakit ingurura inor etorri denik. Airea kutsatuta dagoela jakitean, senarra maskara jarrita joan zen ganadu lanak egitera, badaezpada".

Tere Descarga, Egoarbitza baserrikoa: "Airea kutsatuta dagoela jakitean, senarra maskara jarrita joan zen ganadu lanak egitera, badaezpada"

Elgetan ere egin zituzten neurketak eta eguenean, otsailak 13, aditzera eman zutenez, hirigune baterako "normalak" dira emaitzak.  Izan ere, Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailak airearen kalitateren neurketak egin zituen Elgetako hainbat puntutan. 

Dioxina eta furano "maila altuak"

Egubakoitzean, otsailak 14, egindako agerraldian eman zuen Osasun Sailak airearen kalitatearen datuen berri. Izan ere, CSICek aztertutako laginen emaitzak jaso ostean; "konposatu kimiko horiek, dioxina eta furanoa, ez dutela berehalako eraginik osasunean baina zuhurtziazko neurri horiek hartzea gomendatzen" dute.

Osasun Sailak adierazi du, "zabortegiaren eraispena gertatu zenetik aire neurketak indartu" zirela, eta "atzora arte, ez dela anomaliarik antzeman airearen kalitatearen adierazleetan, osasun publikoari dagokionez". Hala ere, CSICek atzo jasotako emaitzen arabera, "gainerako substantziak ohiko parametroetan mantentzen dira, baina airean dioxinen eta furanoen maila handia da. Partikula toxikoek epe luzera minbizia eragin dezakete gorputzean pilatzen badira. Plastikoak eta kloroa erretzen direnean sortzen dira partikulak".

Zaldibarko zabortegiaren ikuskera, Elgetako Egoarbitza baserritik.

Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, "zuhurtasun-printzipioa aplikatuz, honako prebentzio-neurri hauek gomendatzea erabaki du Eibar, Ermua eta Zaldibarko eremuetan": Etxebizitzak ez aireztatzea eta leihoak ahalik eta denbora gehienean itxita edukitzea, bereziki gauez. Eta ahal den neurrian, aire zabalean kirol-jarduerarik ez egitea beste abisu bat eman arte.

Osasun Sailak gomendatu du etxebizitzak ez aireztatzea eta leihoak ahalik eta denbora gehienean itxita edukitzea, bereziki gauez.

Kirol jarduerak bertan behera

Gomendio hauen ondorioz, Eibar eta inguruetako herrietako hainbat kirol jarduera bertan behera gelditu dira. Besteak beste Eibarren eta Realaren arteko futboleko Lehenengo Mailako derbia.

Debagoieneko taldeei dagokionez, kadete mailako Mondraren neurketa bertan behera gelditu da. Zuri-moreek Eibarko Unbe zelaian jokatzekoak ziren, domekan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak