Bertha Gaztelumendi: "Antinuklearrekin egin ziren mugimendu ekologistaren lehen urratsak"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko ots. 14a, 13:30

1970eko eta 1980ko hamarkadetan energia nuklearren kontra sortu ziren mugimenduen ibilbidea jorratu du Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) kazetari eta zinegileak Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa filmean. Arrasaten ikusteko aukera izan da asteon; datorren martitzenean Oñatin izango da eta martxoaren 18an Bergaran. 

Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zenuten filma, joan den azaroan. Ze erantzun izan du harrezkero?

Oso gustura gaude. Ez genuen espero halako erantzun onik izaterik. Emanaldi gehienetan, ikus-entzule gehienek esaten digute oso gustuko izan dutela, beharrezkoa zela halako bat egitea, kontatu beharreko istorioa zela... 

Ordubeteko dokumentala da, testigantza asko jasotzen ditu…

Ez da bereziki testigantzetan oinarritutako lana. Saiatu gara ahalik eta ikuspuntu eta diskurtso guztiak jasotzen, mugimendu antinuklearra oso plurala eta aberatsa izan zelako. Bestetik, garai hartako dokumentu asko bildu ditugu: hainbat argazki, Super 8 kamerarekin hartutako irudiak, benetako harribitxiak… Garai hartan, jende askok ez zuen irudiak hartzeko makinarik eta manifestazioetako argazkietan agertzea ez zen horren erraza, Franco hil berri, garai zailak ziren. Lan handia izan da hori guztia batzea eta muntatzea, baina oso polita ere bai. Gaur egungo irudiak ere ageri dira.

Garai hartako gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi izan duzue. 

Sabinok [Ormazabal, gidoigilea] eta biok hori nahi izan dugu. Horretan saiatu gara. 1970eko eta 1980ko hamarkadako mugimendu indartsu eta irudimentsu hori islatu nahi izan dugu. Protestak egiteko modu berezia zeukan. Eta Europarekin eta munduarekin konektatuta zegoen. Horren isla izan zen eguzki irribarretsua, munduko 50 hizkuntza baino gehiagotara itzuli zena Nuklearrik? Ez eskerrik asko! leloarekin. Emozio eta sentimendu bati lotuta zegoen. Energia nuklearraren kontra egoteak esan nahi zuen lurraren defentsaren alde egotea. Ekologiaren lehen urratsak egin ziren Euskal Herrian.

"Guardia Zibilak tiroz hil zuen Gladys del Estal Ferreño biktima da, Estatuak oraindik biktimatzat aitortu ez badu ere"

Mugimendu hark eta gaur egun klima larrialdiarekin kezkatuta sortzen ari diren gazteenak badute antzekotasunik?

Lurrarekiko eta lurraren defentsarekiko konpromisoa berdina da. Baina gizartea erabat ezberdina da. Egiteko eta informazioa jasotzeko eta zabaltzeko moduak erabat ezberdinak dira. Guk lehen dena egiten genuen kalean. Gaur egun, komunikazio teknologiaren bidez zabaltzen da informazio asko eta eztabaidatzen da asko.

Zuen eskaera da 1979an Tuteran manifestazio antinuklear baten Guardia Zibilak tiroz hil zuen Gladys del Estal Ferreño biktima gisa onartua izan dadila?

Biktima da eta Estatuak oraindik ez du biktimatzat aitortu. Gaurko gazte gehienek ezagutu ere ez dute egingo orduko mugimendua, orduko gertaerak, Gladys del Estalen heriotza… Bestalde, naturaren eta ingurumenaren alde munduan hiltzen direnen alde egitea ere nahi izan dugu; haien gaineko informazio gutxi heltzen zaigu.

Jose Maria Ryan zentral nuklear hartako ingeniari-burua ETAk hil izana izan zen mugimendu antinuklearraren mugarrietako bat. Jaso duzue?

Gladys [del Estal] gogora ekartzea izan da pelikularen ardatz nagusietako bat, baina, orduko mugimenduaren eta gizartearen gorabeherak ere jaso ditugu. Gatazka horretan geratutako hildako guztiak jasotzen dira. Kontakizuna, gertaeren kronika zintzo baten ildotik bideratu nahi izan dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak