Ardi latxen artilearekin egindako jaka, gertu

Maialen Regueiro 2020ko ots. 14a, 09:35
Edu Uribesalgo, Ternuako Berrikuntza zuzendaria, jaka eskuan duela. (Irudia: Aitor Agiriano)

Ardi latxen artilea hondakin izatetik Ternuako isolatzaile termikoa egiteko lehengai izatera igaro da, Latxa artile proiektuari esker. Hainbat eragilek parte hartu duten proiektu horretan, Antzuolako Lamariano Azpikoa baserriko ardien artilea erabili da.

Ternuak ardi latxen artilearekin egindako kalitatezko isolatzaile termikoa aurkeztu berri du. Latxa artile izenarekin bataiatu duten proiektu honetan, Ternuarekin batera Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, Iletegiak, Muturbeltz elkarteak eta Antzuolako Lamariano Azpikoa baserriak hartu dute parte, elkarlanean.

Proiektuaren helburuak

Proiektu honi esker, gaur egun hondakin gisa kudeatzen den ardi latxen artileari irteera eman zaio. Izan ere, ardi bakoitzeko 2,5 kilogramo artile sortzen dira, urtean batez beste 625 tona artile eta 2.000 tona Euskal Herrian. Gauzak horrela, Txomin Alberdi Antzuolako Lamariano Azpiko baserriko artzaina pozik azaldu da, proiektu hau lehen sektorearentzako bultzada delako, eta adierazi du orain arte ardiei urtean birritan ilea moztearena arazoa izan dela eta proiektu honi esker konponbidea aurkitu zaiola. Proiektu honen garapenarekin, gainera, ardi latxen artileari balioa emango zaio, ingurumen eta ekonomia mailan.

2009az geroztik

Edu Uribesalgok, Ternuako Berrikuntza zuzendariak, aipatu du enpresa 2009an hasi zela ardi latxen artilearekin ezer egiterik zegoen aztertzen: "Hasiera batean, haria egitea zen gure asmoa, baina artilearen kalitateak ez zuen berau egitea errazten". Hala ere, materialaren ezaugarriak ikusita, isolatzaile gisa erabiltzea baliagarria zela erabaki zuen Ternuak. "Gure jakak egiteko luma edo isolatzaile sintetikoa erabiltzen ditugun moduan, produktu bera egiteko artilea erabiltzea posible zela ikusi genuen", aipatu du Uribesalgok. Horren ostean etorri ziren, batetik, Muturbeltz elkartekoekin harremanetan jartzea eta, bestetik, Iletegiak ilearen tratamendurako erabiltzen dituen makinen azterketa egitea. Azkenik, Ternua Antzuolako Lamariano Azpikoa baserriko Txomin Alberdirekin harremanetan jarri, eta hark proiektuarekin bat egin zuen. Ternuak, gainera, Artileshell teknologia sortu du berrikuntzarekin, ingurumenarekin eta gizartearekin duten konpromisoa nabarmentzeko, eta, modu horretan, hondakina enpresaren arropentzako lehengai bilakatu dute. Hain zuzen ere, Uribesalgok proiektu hau enpresarentzat proba bat dela aitortu du: "Gauzak ondo atertzen badira, gure markako beste produktu batzuk ekoizteko artilea erabiltzea posible izango da".

Artile Jacket

Isolatzaile termiko horrek, beraz, honako ezaugarri hauek ditu: kanpotik birziklatutako plastikozko botilen ehunaz egina dago eta barrutik arto azukrearekin egindako mintza, ardi latxen artilea eta poliester forrua ditu. Jakak Artile Jacket izena du eta, uretik zein haizetik babesteaz gainera, arina da. Ternuako udazken eta neguko 2020-2021 bildumaren barruan egongo dira eta irailetik aurrera dendetan egongo da 229,95 eurotan, gutxi gorabehera.

Txomin Alberdi artzaina. (Irudia: Aitor Agiriano)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak