Gipuzkoako Euskararen Foroak legealdi honetan egindako lehen bilkura baliatuta aurkeztu zuten txostena joan den astean –Siadecok egin du Langunerentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin–. Euskarak Gipuzkoan ze eragin ekonomiko duen aztertu dute lan horretan, eta Markel Olano diputatu nagusiak "albiste pozgarritzat" jo du euskarak Gipuzkoan duen eragin ekonomikoa neurtzen duen txosten "mardula eta sakona" edukitzea.
BPGaren %5,34 euskarari lotuta
Txostenaren arabera, Gipuzkoako barne produktu gordinaren %5,34 euskararekin zuzenean eta zeharka loturaren bat duten sektore ekonomikoei dagokie. Gipuzkoako BPG 24,4 mila milioikoa da, eta euskarari dagokiona, 1,304 mila milioikoa. EAEri dagokionez, BPGren %4,59 dago euskararekin lotuta. "Txikia dirudi, baina turismoa moduko sektore indartsu batek Gipuzkoan %7,6 dauka. Beraz, euskararen inguruko sektorean lanpostuak eta aberastasuna modu esanguratsuan sortzen dituela esan dezakegu, beste edozein sektore bezain garrantzitsuak bagara ikuspegi ekonomiko huts batetik", dio Olatz Olasok, Emuneko zuzendariak. Ildo beretik jarraitu du Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek ere: "Euskararekin erlazionaturiko zuzeneko aktibitatea BPGren %3,857koa da eta turismoak EAEn duena %7".
Mari Karmen Arrieta Eskoriatzako Udaleko Euskara teknikaria ere bada Euskararen Foroko kide, eta aitortu du euskarak sortzen dituen datu ekonomikoak "esanguratsuak eta aintzat hartu beharrekoak" direla. "Gurean, gainera, hizkuntzen industria egituratuta eta trinkotuta dagoela eta urte gutxian lan mardula egin dela erakusten dute".
Lau jarduera-adar izan dituzte kontuan txostenean: euskarari dagokion hizkuntzaren industria, kultura eta hedabideen industria, hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak eta administrazio publikoa.
773 lanpostu euskarari lotuta
Txostenaren arabera, hizkuntzen industriako enpresa eta erakundeek 773 lanpostu sortzen dituzte, zuzenean euskararekin lotuta: gehienak euskararen irakaskuntzako langileak eta itzulpengintzaren eta interpretazioaren azpisektorekoak dira, 348 eta 260, hurrenez hurren. Hizkuntzen industrian, euskararekin lotutako jardueraren fakturazio bolumena 45 milioi eta erdikoa da eta 35 milioi pasatxoko balio erantsi gordina sortzen dute.
Datuez harago, boluntario lana
Euskal kulturgintzaren eta hedabideen arloan 2.373 lanpostu dira euskararekin zuzenean lotutakoak. Euskara-enplegu handiena duen azpisektorea hedabideena da –821–, komunikazio, kultur eta gizarte arloko bestelako elkarte eta enpresen aurretik –634–. Industria horrek 192 milioi eta erdi fakturatzen ditu urtean eta 118,3 milioiko balio erantsi gordina sortzen du. Sektorean egiten den boluntario lana nabarmendu du Artolazabalek: "Datuez harago, iruditzen zait sektore hauetan musu-truk egiten den lana handia dela oso eta hori ez dagoela kuantifikatuta eta balioan jarrita. Profesionalizaziorako jauzi bat eman da, baina oraindik ere bidea dago hor egiteko".
Hezkuntzan, 15.000 enplegatu
Ia 15.000 lagun enplegatzen ditu euskarazko irakaskuntza sistemak Gipuzkoan: 14.000 inguru unibertsitate aurreko ikasketetan eta 1.000 unibertsitate mailako gradu eta graduondokoetan. Sektoreak 765 milioi euro inguruko aurrekontua du urtean eta 654 milioi euroko balio erantsi gordina sortzen du.
746 lanpostu administrazioan
Euskara-lanpostuak 746 dira Gipuzkoako administrazio publikoetan, euskara zerbitzuetako enpleguaz gain kultura arloetakoaren zati bat ere kontuan hartuta. 199 dira euskara zerbitzuetako enpleguak eta 547 kultura arloan euskararekin lotutakoak direnak. 123,3 milioi euroko aurrekontua du eta 42 milioiko balio erantsi gordina sortzen du. "Administrazio publikoak ahalegin handia egin du euskara arloan baliabideak sortzen; baliabide propioak, batetik: euskara zerbitzuak adibidez; baina baita euskara gainontzeko udal zerbitzuetan zeharlerro gisa txertatzen ere", dio Arrietak.
Horrez gain, azpimarratu du hizkuntza industriaren fakturazio bolumenaren "zati handi bat" administrazio publikoetatik datorrela. "Ukaezina da administrazio publikoak euskararen normalizazio prozesuan egindako lana, oro har, eta, bereziki, Gipuzkoan", gaineratu du.
Bailarako bi enpresa
Langunen Langune hizkuntzen industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea da, eta itzulpengintza, edukiak, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologiaren alorreko enpresak batzen ditu. Zuzendaritzako kide dira, besteak beste, Debagoieneko bi enpresa: Mondragon Lingua eta Emun. Olasok azaldu duenez, Langunek hizkuntzaren industria bultzatu nahi du Euskal Herrian. "Hizkuntzekin lanean dihardugunok sektore garrantzitsu bat osatzen dugu eta sektorearekin kluster moduan funtzionatzen dugu. Itzulpen, hizkuntza irakaskuntza, eduki linguistiko eta hizkuntza teknologien enpresa eta zentro teknologikoek osatzen dugu Langune, eta industrian, osasungintzan eta beste sektore batzuetan hizkuntzaren kudeaketa egoki batek dakartzan onurak erakutsi eta horren inguruko soluzioak eskaini nahi ditugu", nabarmendu du.
Euskararen Foroaren garrantzia
Euskararen balioan sinistu eta berau bermatzeko sortu den foro bat da Euskararen Foroa, Artolazabalen esanetan. "Aldundia eta eragile desberdinak batzen ditu, eta, nire ustez, horrelako foroak ezinbestekoak dira hizkuntzarekiko konpromisoak bermatu eta elkarlanerako espazioak sortzeko". Arrietak ere bat egin du: "Edozein politika egiteko, ezagutza konpartitzea eta jakintza desberdinak batzea ezinbestekoa da, baita hizkuntza politikan ere. Foroak hori ahalbideratu dezake. Gipuzkoari, gainera, euskara gaietan aitzindari eta bide-urratzaile izatea tokatzen zaio, edukietan zein moduetan".